ELAk premiazkoa ikusten du Nafarroan aldaketa sozial eta politikoari ekiteko gutxieneko edukiak definitzea

2014/03/11
Sindikatuaren iritziz, PSNk zentsura mozioa ez babesteko hartu duen erabakia bat dator bere errenuntzien eta UPNri babes emateko ibilbidearekin, eta erabat baztertzen du aldaketan aktibo gisa jokatzeko.

Yolanda Barcinaren gobernuaren aurkako zentsura mozioa eragozteko erabakia hartuta, PSN Nafarroako azken garaitako historian izan duen ibilbidearekin koherentea izan da. Alderdi hau berriz ere erregimenari eutsi nahi dioten interes ekonomiko eta enpresarialen aldean kokatu da, eta izatez behin betiko babesa eskaini dio UPNren gobernuari. ELAk uste du herritarren interesak hauteskundeei begira egindako kalkuluen eta ustezko Estatu-interesen menpe jarrita alderdi horren beraren irudia hondatzen duela, eta gainera aldaketarako erreferentzia gisa jokoz kanpo uzten duela.

ELAren irudiko, bizi den hondamendi sozial eta demokratikoak ezinezko bilakatu du gobernu honen jarraipena. Aldaketa politiko eta soziala premiazkoa da, izan ere, UPNren gobernuak murrizketa sozialak, langabezia, gezurrak eta ustelkeria besterik ez baititu eskaintzen. Nafarroan esparru politiko eta instituzionala bere onera ekarri behar da, birsortze demokratikoa ezinbestekoa da.

Alabaina, ELAk gauza bat argitu nahi du: aldaketari ekiteko asmoa beharrezkoa izanagatik, ez da nahikoa. Aldatzeko borondatearekin batera zehaztasun programatikoa ere behar da, ekin beharreko aldaketen norabidea finkatzeko; bestalde, gizartearen mobilizazio bizia da aldaketa politiko eta sozialeko eskenatoki berri bat ekar dezakeen bide bakarra.

Horregatik, sindikatu honen iritziz, herritar askok eta askok egunotan sentitzen duten haserrea eta frustrazioa modu eraikitzailean bideratu behar dira, mobilizazio sozialera, alternatiba egingarriak definitzeko ahaleginera eta aldaketaren aldeko omen diren egileen zehazte programatikoa lortzera.