belizismoa
ELAk presio egingo die alderdiei eta gobernuei gastu militarra ez handitzeko

ELAk gerraren aurkako jarrera berretsi eta gerra baliabide publikoekin finantzatzearen aurka agertzen da, eta konpromisoa hartu du gobernuei eta alderdi politikoei presioa egiteko gastu militarra edo gerra industriarako inbertsioak handitzea eragozteko. ELAk azpimarratu du belizismoak gerra gehiago esan nahi duela, eta, aldi berean, demokrazia gutxiago. Ekonomiaren eta gizartearen militarizazioa eskubide sozial, laboral eta sindikalen aurkako eraso zuzenarekin batera doa. Ez da kasualitatea gastu militarraren igoera hori Europan langile klasea txirotzen jarraitzen duten austeritate politikekin batera gertatzea.
Estrategia horretan, NATOk funtsezko eginkizuna du. Nafarroak 1986ko erreferendumean adierazi zuen egitura horren aurka zegoela, Espainiako Estatua NATOn sartzeari "ezetz" bozkatuz. ELAk agindu demokratiko hori aldarrikatzen du, eta Euskal Herritarren borondatearen aurka doan estrategia militarrari men egiten diola salatzen du.
Horregatik, ELAk bat egiten du mobilizazio masiboen beharrarekin, belizismoaren gorakadaren aurka eta elite enpresarialen mendeko Europako eredu baten aurka. Une honetan, arma sektoreko multinazionalei (edo aeroespazialari, gobernuek eta patronalek erabiltzen duten izen berriaren arabera) laguntzeko gastu militarra handitzean datza eredu hori.
Gainera, ELAk uste du Sanchezen Gobernua babesten duten alderdi politikoek berrikusi egin behar dutela Espainiako aurrekontuan gastu militarra handitzean duten zeregina (19.700 milioi urtean, NATOren datu ofizialen arabera), eta horren arabera jokatu behar dutela. Horregatik, alderdi politikoekin baterako ekimenak sortzeko, aurrekontu publikoetan gastu militarra handitzeari berariaz uko egitea ere eskatu beharko litzateke.
Azkenik, ELAk lobby ekonomikoen papera ere salatu du, militarizazioan negozio bide berri bat ikusten dutelako eta gerra logikarekin lerrokatzen direlako ikuspegi ekonomizista hutsetik. Langile klasea ezin da militarizazioaren eta gerraren aldeko apustu horren konplize izan, gutxiengo bati bakarrik egiten baitio mesede, ongizate kolektiboaren kontura. ELAk berretsi egiten du gizarte aske, feminista, arrazakeriaren aurkako eta sozialistarekiko konpromisoa, gerraren eta esplotazioaren aurka modu aktiboan egingo duena. Kapitalaren eta suntsipenaren logikaren aurrean, justizia sozialean eta herri subiranotasunean oinarritutako gizartea eraikitzearen aldeko apustua egiten dugu.