ELAk presoen sakabanatzearen aurkako deialdiarekin bat egiten du

2005/01/03

Etxeratek eta presoen eskubideen aldeko beste hainbat taldek urtarrilaren 8rako sakabanatze politikaren aurka deitu duten manifestazioarekin bat egitea erabaki du ELAko Batzorde Eragileak gaurko bere bileran.

ELAk lehenagotik ere presoen sakabanatzearen aurka izan duen jarrera argia XI Kongresuan onartu den ponentziak berretsi egin du; ponentziaren arabera, sakabanatzearen iraupenak espetxe-lege bera urratzen du, presoen eskubideak zanpatzen ditu eta euren senideei zigor gehigarria ezartzen die. Presoekin egoteko beren senide eta lagunek bidaietan eman behar duten denbora, nekea, berebiziko gastua eta arriskua -errepidean hiltzeraino- ditugu egun indarrean den espetxe-politika honek ezarritako zigor bidegabe, gogor eta alferrikakoaren adierazpenak.

ELAren ustez oso larria da komenentzia politikoak pertsonen eskubideen gainetik jartzea, espetxe-politikan gertatzen den moduan, eta bere arduradunek ozen aitortu dutenez.

Baina gainera, ELAk ez du uste sakabanatze politika onerako denik; aitzitik, sindikatuaren aburuz euskal gizartean bizi ditugun egoera tenkatua, gatazka eta sufrikarioa areagotu egiten ditu. ELAren irudiko, presoen arteko eta familiekiko nahiz adiskideekiko harremana erraztea gaurko egoera politikoa gainditzeko beharrezko den eztabaida bideratzeko lagungarri da.

Hori guztia kontutan izanik, ELAko Batzorde Eragileak sindikatuko arduradun eta militanteei dei egiten die urtarrilaren 8ko manifestazioan parte har dezaten.