ELAk proposamen bat aurkeztuko die EH-Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemosi euskal sektore publikoko langileek erosahalmena gal ez dezaten

2022/11/11
ELAk mobilizazioak deitu ditu azaroaren 21ean, alderdiek proposamen hori Estatuko Aurrekontuetan sar dezaten eskatzeko.

ELAk testu artikulatu bat prestatu du EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek 2023ko estatuko aurrekontuen legean sar dezaten. Zehazki, lege horretako 19. eta 20. artikuluetan aldaketak proposatzen ditu enplegu eta soldaten gehieneko muga kentzeko. Horri esker, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta udal eta foru erakundeek aukera izango dute Madrilek ezarri baino igoera handiagoa adosteko eta enplegu publikoaren arloko beharrizanei buruz erabakitzeko.

Diputatuen Kongresuko aritmetika parlamentarioa ikusita, alderdi horiek aurrekontuen negoziazioa baldintzatzeko aukera dute, eta testu hori sartzea arlo horretan Madrilen aldetik gertatzen den eskumen inbasioa murriztea ekarriko luke. Gaur gaurkoz, Estatuko gobernuak eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek euren aurrekontu proiektuak aurkeztu dituzte. Guztiek langileen pobretzearen aldeko apustua egiten dute, eta CCOO eta UGT sindikatuen eta Estatuko Gobernuaren arteko akordioa ontzat eman. Akordio horren arabera, pilatutako erosteko ahalmenaren galera % 20 baino handiagoa da.

Gasteizko eta Iruñeko gobernuek bestelako erabakiak hartzeko tarterik ez dutela argudiatzen dute. ELAk salatzen du hori aitzakia bat besterik ez dela: arlo horietan dituzten eskumenetan muga jartzen dizkiete euren buruari Estatuko Gobernuaren proposamen berberak egiteko. Ondorioz, estatua negoziazio esparru gisa onartu, eta lan harremanen euskal esparrua neutralizatzen dute.

ELAren ustez, sektore publikoko greba barneratuko lukeen mobilizazioa bultzatzeko behar da, Euskal Herriko alderdiek ez dezaten sustatu – iaz egin zuten bezala – soldatak eta enplegua handitzeko eragozten duen estatuko aurrekonturik.

Sindikatuek aldarriekin bat egin arren, ELAk ez ditu ulertzen grebari uko egiteko emandako arrazoiak, are gutxiago aurrekontuak negoziatzen diren unean.

ELArentzat mobilizazioa eta greba ezinbestekoak dira oraindik, eta lanean jarraituko du horiek gauzatzeko eta une garrantzitsuenetan aktibatzeko beharrezko aliantzak ehuntzeko. Horregatik, ELAk sektore publikoan mobilizazioak deitu ditu azaroaren 21ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua bozkatuko duen osoko bilkuraren hasierarekin bat eginez.