Bizkaiko Esku-hartze Soziala

ELAk proposamen berri bat aurkeztu dio patronalari langileen erosahalmena eta lan osasuna bermatzeko

2024/04/17
ELAk beste greba egun bat deitu du maiatzaren 8rako. Patronalaren azken proposamenak atzerapausoak ditu: erosteko ahalmena berreskuratzeari atzeratu eta sektoreko arrisku psikosozialak arintzeko neurririk gabe jarraitzen du.

 

ELA, % 47ko ordezkaritzarekin, berriro mobilizatu da Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko greba egun berri batean, arrakastatsutzat jo duena. Horretarako, Gizardatz patronalaren egoitzara joan dira langileak, eta proposamen berri bat aurkeztu diote, honako hauek bermatuko dituena: erosteko ahalmena berreskuratzea, dagozkion plusak ordaintzea (gauekoa, antzinatasuna, jaiegunak...), lanpostuak bateragarri egiteko eta egokitzeko neurriak, arreta bereziko zentroen plangintza berria, eta sektore horretan funtsezkoak den lanaren osasuna hobetzeko neurriak.

Bizkaiko Esku-hartze Sozialak hainbat zerbitzu batzen ditu, hala nola adingabeei zeom etxerik gabeko pertsonei eta babesik gabe daudenei arreta ematea, emakumeei zuzendutako zerbitzuak (harrera-pisuak, laneratzea...), zerbitzu soziokulturalak... Horietan 5.000 pertsona inguruk lan egiten dute eta duela bi urtetik iraungita dute hitzarmenarekin. Ondorioz, plantillek %15etik gorako erosahalmenaren galera izan dute, eta baliabide gehiago behar dituzte zerbitzu egokia eta langileen lan osasuna bermatzeko.

ELAk sei greba egun deitu ditu, baina Gizardatz eta Geroan patronalek negoziazioa blokeatzen jarraitzen dute, administrazioen laguntzarekin. Horren adibide da martxoaren 18an beste negoziazio mallaren batzarra egiteko ELAk egindako deialdia: EUDEL (zerbitzuen % 70aren ordaintzaile gisa) eta Bizkaiko Foru Aldundia (zerbitzuen % 20aren ordaintzaile gisa) ez ziren bilerara joan.

Gainera, patronalaren azken proposamenak atzerapausoak ditu. Alde batetik, hitzarmen berriaren indarraldia sei urtera handitu nahi du (lehen eskaintzan lau urte sartzen ziren), eta horrela, erosahalmenaren berreskuratzea are gehiago handitu eta atzeratu. Bestalde, sektoreko errealitateei erantzuteko neurriak zehaztu gabe daude oraindik.

Horregatik, ELAk proposamen bat aurkeztu du aipatutako hobekuntzekin. Hobekuntza horiek ez dira soilik atal ekonomikora mugatzen, baizik eta bermeak eskatzen dituzte sektore horrek ematen duen funtsezko zerbitzuari aurre egiteko. Adibidez, sindikatuaren ustez guztiz beharrezkoa da arreta bereziko zentroen sailkapena definitzea eta zabaltzea, zerbitzu gehiago sartzeko.

Egungo egoera islatzeko, langileek Bilboko kaleetan irudikatu dute, mozorro, kareta eta sokekin, administrazioak Esku-hartze Sozialeko profesionalak 'itotzen' dituela patronalaren bidez. Administrazioek diru publikoaren menpe dauden zerbitzu horiek azpikontratatzen dituzte dirua aurrezteko, eta patronalak negozioa diru publikoarekin egiten saiatzen dira, plantillak prekarizatzearen kontura.

Negoziazioak blokeatuta jarraitzen badu, ELAk mobilizatzen jarraituko du, eta beste deialdi bat egingo du maiatzaren 8rako.