ELAk prozedura kirurgiko programatu ez-larrien inguruko dekretua arbuiatu du

2005/10/17

Euskadiko osasun sistemaren kontura egin beharreko prozedura kirurgiko programatu ez-larrietarako gehienezko epeak xedatzen dituen dekretuari buruzko analisia egin du gaur eguerdian ELAk. Gasteizen izandako agerraldian ELAko ordezkari Julene Gabiola, Izaskun Garikano eta Mikel Noval izan dira. Hona, hitzez hitz aurkeztu duten agiriak dioena.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Osasun Sistemaren kontura egin behar diren prozedura kirurgiko ez-larriei buruzko dekretua onartzeko asmoa du.

Berez, dekretu-proiektu horren benetako eginkizuna honako hau da:

- Prozedura kirurgiko batzuk egiteko berme-epeak ezartzea: prozedura onkologikoak (30 egun), kardiakoak (90 egun) eta bestelakoak (180 egun).

- Dekretu-proiektuaren arabera, aipatutako epeak bete ezean, arreta beste osasun-etxe batean jasotzeko baimena eskatu ahal izango du pazienteak.

- Osasun Saileko Lurralde Zuzendaritzak 20 egunen buruan igorri beharko du arreta beste osasun-etxe batean jasotzeko baimena; Sailak bere gain hartzen duen gehienezko kostua adieraziko du, besteak beste, baimenean.

ELAk hainbat arrazoi ditu proiektua arbuiatzeko:

1.- Ez dio osoko erantzuna ematen osasun-etxeen saturazio-arazoari, larriak ez diren zenbait ebakuntza kirurgiko programaturi buruz ari baita soilik; hortaz, kanpoan uzten ditu gainerako mota guztietako ebakuntzak eta osasun-jarduketak, hala nola kontsultetarako edo proba funtzionaletarako itxaronzerrenden saturazioa.

2.- Berez, ez du bermatzen larriak ez diren ebakuntza kirurgikoetarako gehienezko eperik. Zehazki, proiektuak bakarrik aipatzen du epe jakin batzuk iraganda pazienteari arreta beste osasun-etxe batean jasotzeko aukera ematen zaiola, baina beste zentro horretan ere ez zaio gehienezko eperik bermatuko.

3.- Horrez gain, beste gabezia batzuk ere baditu proiektuak:

- Prozedura eta ebakuntza asko dekretu-proiektuaren konplimendu-bermetik kanpo uzten dira; dekretu-proiektua indarrik gabe uzteko hainbat arrazoi aurreikusten dira, eta gehienezko epea aldi batean eteteko eta berriro zenbatzen hasteko zio izan daitezkeen egoera batzuk aipatzen ditu.

- Lurralde Zuzendaritzak atzera bota dezake eskaera.

- Pazienteak beste 20 eguneko gehienezko epean itxaron beharko du bere eskaera onartu duten ala ez jakiteko; horrek berriro luzarazten du itxaronaldia.

4.- Dekretu-proiektuak ez du zehazten pazienteari beste osasun-etxe publiko batean ala itundutako zentro batean egingo zaion arreta, baina sare publikoaren saturazio-egoera ikusita, pazienteok itundutako zentroetara bidaliko dituztela pentsa dezakegu. Beraz, osasun-laguntza pribatizatzeko beste urrats bat besterik ez da: osasun-sistemaren saturazio-arazoak makillatzeko, sistema pribatura bideratzen da haren jardueraren zati bat. Horrela, osasun-sistema publikoaren eta pribatuaren arteko loturak indartu egin nahi dituzte, berriro ere. Politika hori erabat arbuiagarria da; izan ere:

- Zentro pribatuen helburua ahalik eta mozkinik handienak lortzea da, kalitateko eta berdintasunezko zerbitzua eskaintzeko helburua alde batera utzita.

- Zentro pribatuetan ez da emandako zerbitzuaren kalitatearen kontrolik egiten.

- Ezustekoren bat gertatuz gero, zentro pribatu gehienetan ez dago zainketa intentsiboak egiteko bitartekorik; beraz, kasu horretan, pazientea zentro publiko batera eraman beharko lukete berriro.

- Ebakuntza kirurgikoak itundutako zentroetan egin eta gero, pazienteen egoeraren kontrola zentro publikoetan egiten da; beraz, pazienteok (aurretiko kontrolik egin gabe) berriro pasatzen dira osasun-sistema publikoko kontsultetarako zerrendetara.

- Gainera, dekretu-proiektuak ez du aipatzen zer irizpide erabiliko diren pazienteak osasun-etxe batera edo bestera bidaltzeko.

5.- Osasun Administrazioak pazienteak eskatzen duenean bakarrik emango du beste osasun-etxe batera joateko baimena; hau da, Administrazioak ez du urrats hori zuzenean emango. Beraz, itundutako zentro batera jotzeko baimena ematen duenean, administrazioak pazienteari eskualdatzen dio beste zentro horretan gerta litekeenaren erantzukizuna.

6.- Itundutako zentro batera joateko baimena emanez gero, osasun-laguntzako itunetan aplika daitezkeen gehienezko tarifei buruzko araudian ezarritako diru-zenbatekoak bakarrik ordaintzeko konpromisoa xedatzen du dekretuak. Benetako kostua araudian ezarritakoa baino handiagoa izanez gero, nork ordainduko du gainkostua?

7.- Gastua osasun-etxeari zuzenean ordainduko zaion ala kostu osoa pazienteak aurreratu behar duen, baimenean adieraziko da. Azken kasu horretan, pazienteak aurretiaz eduki beharko luke behar beste diru, eta, ez badauka, egoera larrian ikus dezake bere burua. Eta hori guztia ebakuntza kirurgiko baten zain dagoelarik jasan beharko du.

Dekretuaren bidez itxaronzerrendak murriztu egingo direla pentsaraztea propaganda hutsa da. Eusko Jaurlaritzaren joera zerbait onuragarri egiten ari delako plantak egitea da, bai arlo honetan bai beste hainbatetan. Politika hori are arbuiagarriagoa da osasun-sistemari dagokionez, biztanleen osasun-laguntzarako eskubidea jartzen baita kolokan. Gainera, benetako urratsak eman beharrean, nahasmena eta itxaropen faltsuak sorrarazten dituzte osasunaren zaintzaren inguruan.

Dekretu-proiektuan aipatutakoa ez den benetako irtenbideak daude. Gure osasun-sistemaren gabeziak zuzentzeko, oso neurri ezberdinak behar dira. Ildo horretan, larriak ez diren ebakuntza kirurgikoei erantzun eta edozein osasun-sistema publikok bermatu beharko lituzkeen gainerako jarduketa guztiak egin ahal izateko, hauxe egin behar da:

1.- Plantilla handitu.

2.- Plantillaren lanaldia berrantolatu.

3.- Azpiegiturak eraginkortasunez erabili, gaur egun gutxiegi erabilita daude eta.

4.- Oheak eta, orokorrean, baliabide material guztiak ugaritu.

Horretarako, jakina, Euskadiko osasun-gastu publikorako zuzkidura (BPGaren %4,3) handitu egin behar da, Europako zifretara (BPGaren %6,4ko batez besteko ez-haztatua) iristeko; horren arabera, urtean, 980 milioi euro gehiago gastatu beharko lirateke osasun publikoan. Ezinbestekoa da iruzur fiskala geraraztea eta errentarik handienen eta kapitalaren errenten gaineko zuzeneko zergak areagotzea; izan ere, presio fiskal handiagoa eta bidezkoagoa da osasun arloko premiak eta, oro har, gizarte-gastuarekin loturiko gainerako beharrak benetan asetzeko bide bakarra.