ZERBITZU JURIDIKOAK
ELAk salaketa aurkeztu du Bilboko Udalaren aurka, eskubide sindikalak urratzeagatik
ELAk Administrazioarekiko Auzien Epaitegian demanda aurkeztu du Bilboko Udalaren aurka, ordezkaritza sindikalerako eskubidea urratzeagatik. Giza Baliabideen sailak ukatu egin dio ELAren afiliazioari prestakuntza ekitaldi batean parte hartzea, ekitaldia ezin zela prestakuntza jardunaldi gisa jo argudiatuta.
Aitzitik, afiliatuek prestakuntza ekitaldietara, biltzarretara eta antzeko jardueretara joateko baimenak jasotzen ditu hitzarmenak. Eskubide hori ukatzeak lan harremanak arautzen dituen akordioa urratzea dakar, eta ELArentzat horrek erakusten du Udalak sindikatuen aurkako jarrera duela.
ELAk gogorarazi nahi du Euskal Herriko lan baldintzak Estatu mailakoak baino hobeak direla jarduera sindikalari esker. Haren aurka egiteak suposatzen du euskal gizartean dauden aurrerapenen aurka egotea, eta ELAk kezkaz ikusten du erakundeak, Bilboko Udala kasu, izatea gizartearen interesen aurka egiten dutenak.