ELAk salatazen du EAEko Udaltzaingo guztietan dagoen langile falta

2021/07/26
Arkautiko Akademiak kudeatzen dituen hautaketa-prozesuak eta lan-poltsa bateratuak egiteko udal erakundeek eta Eusko Jaurlaritzak duela 4 urte hartutako erabakiaren ondorioz, Udaltzaingoek bizi duten egoera erabat jasanezina da. Langile falta egiturazkoa da, eta ondorio larriak ditu, bai udaltzainentzat, oso baldintza kaskarretan egin behar baitute lan, bai herritarrei ematen zaien asistentzia kalitatean ere.

Datu gisa, Eusko Jaurlaritzak gidatutako LEP eta poltsa bateratuen formatuaren gabezia larrien ondorioz, udaltzainen lan poltsa hilabetez hutsik egon da, inor gabe eta ekainaren hasieran, beste prozesu batzuetatik etorritako 155 pertsona sartu ziren lan poltsan (hautaketa prozesu zehatzik egin gabe). Une horretarako, udal administrazioen eskaerak 200etik gorakoak ziren, eta ondorioz, lan poltsa berriz ere agortuta geratu zen. Hori guztia "udako efektua" kontuan hartu gabe, non kostaldeko herri eta hiri askok plantillak indartu ohi dituzten, titularren oporrengatik edo biztanleria-gehikuntzagatik, eta, beraz, eskarien datu horrek nabarmen egin du gora.

ELAk salatu du, egoera horren aurrean, udal administrazio ezberdinak premiaz kontratatzen ari direla lanpostu horretarako ezarritako baldintzak eta euskara-eskakizunak betetzen ez dituzten langileak. Baita, udaltzainen lanak egiteko udaltzain laguntzaileak kontratatuz, lan baldintzen prekarizazio argia ezarriz.

Presio eta lan-karga handiko hilabeteak izaten ari dira udaltzaingoetako langileentzat, eta pandemia kontrolatzeko ardura esleitu zaie, baina ezin dute lan hau duin egin, ez baitago horretarako argibide zehatzik eta batez ere ez dagoelako langilerik. Horren ondorioz, langileen lan-kargak eta lan-arriskuak areagotzen dira, eta horrek ezinbestean eragiten dio zerbitzu publikoari.

ELAk udal administrazioetako agintariei eskatu die beren erakundean lan-eskaintza publikoak eta lan-poltsak egitearen aldeko apustua egin dezatela behingoz, eremu horretako egiturazko behar guztiak bete ditzatela eta hurbiltasuneko eta herritarrei lan baldintza duinetan zerbitzua emateko polizia-eredua indartu dezatela.