pentsioak
ELAk salatu du 2014an baino urte eta erdi beranduago eta % 4,5 pobreago hartzen dela orain erretiroa

Mikel Noval ELAko Gizarte Politikako arduradunak salatu du erretiro pentsio berrien erosahalmena %4,5 txikiagotu dela EAEn azken 8 urteetan. Gizarte Segurantzaren datuen arabera, 2022ko azaroan erretiro pentsio berriak 1.694 eurokoak izan ziren, batez beste, eta 2014an, 1.610 eurokoak. Hortaz, orain 2014an baino 84 euro gehiago bakarrik jasotzen dute pentsio berriek. Ondorioz, metatutako KPIa % 9,8koa izan denez, pentsioak % 5,3 baino ez dira handitu.
Novalek azaldu duenez, pentsio berriak gehiegi hazten direla diotenak gezurretan ari dira. Ez da harritzekoa, dioenez, ohikoa baita duela hamarkada batzuetatik hona aplikatzen ari diren murrizketak justifikatzen saiatzea.
Erretiratzeko adinari dagokionez, Gizarte Segurantzak baieztatu du 2022an erretiroa hartu zutenek, batez beste, 2014an erretiroa hartu zutenek baino ia urte eta erdi beranduago hartu zutela. Hau da, orain jendea beranduago erretiratzen da eta pobreago.
ELAko gizarte politikako arduradunak azpimarratu du horren arrazoi nagusia Zapaterok onartu eta CCOOk eta UGTk adostutako pentsioen erreforma dela, 2013an pixkanaka aplikatzen hasi zena. Jakina denez, erreforma horrek 25 urtera handitu zuen pentsioa kalkulatzeko epealdia (aurreko 15en aldean), erretiro aurreratuak murriztu zituen eta erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu. Erreforma hori indarrean sartu denetik, pentsioen erosteko ahalmena txikiagotzen joan da.
Novalentzat ez da kasualitatea pentsioak orain, erosteko ahalmenari dagokionez, duela 8 urte baino txikiagoak izatea. Era berean, bereziki eskandalagarria da erretiroa hartzen duten emakumeek batez beste gizonek baino 488 euro gutxiago kobratzea hilean. Pobrezia emakumeek modu larriagoan pairatzen dute. Erretiroa hartzen duten emakumeen hasierako pentsioa 1.403 eurokoa baita, eta gizonena, berriz, hilean 1.891 eurokoa.
Pedro Sanchezen gobernuak pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteak 25 izatetik 30 izatera igarotzeko asmoa du, eta horrek pentsio berriak murriztea ekarriko du. Hori dela eta, ELA lantokietan kontrako kanpaina bat egiten ari da, eta otsailaren 24an, Bilbon, murrizketa berriei aurre egiteko eta soldata eta erosteko ahalmena defendatzeko ekitaldiak egingo ditu. Mobilizazio horretan eta etorkizunean izango diren deialdietan parte hartzeko deia egin du sindikatuak.