ELAk salatu du Aldundiak ez duela nahi oraindik ere zahar etxeen gatazka sindikatuekin bideratu
Zehazki, sindikatuak azalpenak nahi ditu agintariek esandakoari buruz, hau da, egoitzetako langile bakoitzak bi erabiltzaile artatzen dituela adierazi zuten, ratioen dekretuan langileko batez beste 13 erabiltzaile diren arren.
Gainera, ELAk gogorarazi du txostena egin duten “aditu” berberek esan zutela iaz, beste txosten batean, ratioen eta kalitatearen arteko erlazio kausala erabatekoa dela. Eta gaineratu zuten ratioak berrikusi behar zirela, pertsona ardatz izango duen arreta eredu baterantz aurrera egitekotan.
ELAk salatu du, gatazka hasi eta hiru urte eta 253 greba egun igaro direnean, Aldundiaren proposamen horien artean ez dagoela langileek pairatzen duten prekarietatea eta soldata-arrakala gainditzeko hitzarmen duin baten beharra, ezta zerbitzua hobetuko luketen ratioak egokitzeko benetako eztabaidarako bidea ere. Horregatik, ELA zain dago Aldundiarekin biltzeko eta gai horiei heltzeko, funtsezkoak baitira etorkizuneko zahar etxeen eredurako eta gehiegi luzatu den gatazka onbideratzeko. Horregatik, Aldundiaren jokabidea alde batera utzita, ELAk bileran parte hartu nahi izan du, prestutasunaren adierazle.
Ostiralean, hilaren 12an, beste greba egun bat izango da Gipuzkoako egoitzetan; horregatik, dei egiten diegu langileei eta Gipuzkoako herritarrei parte har dezaten goizeko 11:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan izango den bilkuran.