ELAk salatu du areagotu egin dela langabezia eta prekarietatea

2011/03/02
Argitaratu berri diren datuek adierazten dute otsailean langabezia Hego Euskal Herrian hazi egin dela, hain zuzen 3.000tik gora lagun gehiago.

ELAren iritziz datuok frogatzen dute erakundeek enplegua sortzeko helburua baztertu egin dutela. Gastua murrizteko politiken xede bakarra defizit publikoa murriztea da, eta enpleguari izugarrizko kaltea eragiten diote.

ELAk honako datuak nabarmendu ditu:

  • Enplegu-Zerbitzu Publikoaren zerrendetan erregistratutako langabezia otsailean 191.322 pertsona izan da Hego Euskal Herrian, hots, aurreko hilean baino %1,6 gehiago eta iaz baino %5,7 gehiago.
  • Langabezia prestaziorik jasotzen ez duen jendearen portzentajea hazi egin da. Langabeen %38,2ak urtarrilean ez du prestaziorik jaso, iaz baino %7,2 gehiagok alegia. Kotizaziopeko langabezi-prestazioa jasotzen duen biztanleriaren portzentajea gutxitu egin da (38,1%, 2010eko urtarrilean baino 6 puntu gutxiago). Honela, batetik jende gutxiagok izan du langabezi-prestazioa, eta bestetik, jaso ahal izan dutenei kopuru txikiagoa ordaindu zaie.

Aldi baterako kontratuen gorakada. Urtarrilean eta otsailean sinatutako 138.130 lan-kontratuetatik %92,2 aldi baterakoak izan dira, hots, iazko epe berean baino puntu erdi gehiago.