ELAk salatu du batez besteko soldatak 13.968 euroko jaitsiera metatu duela 2008tik

2022/11/07
Datuek erakusten dute 2008tik 2020ra batez besteko soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo zirela, hau da, 13.968 euroko galera metatua termino errealetan. Hori da ELAk egin duen "Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian: pobretzea eta prekarietatea" txostenaren datuetako bat. Gauzak horrela, gutxienez KPIren pareko igoerak negoziatzeko apustua indartu du sindikatuak, generoko soldata-arrakalari aurre eginez eta lanaldia 32 ordura murriztuz.

Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian: pobretzea eta prekarietatea txostena aurkeztu du ELAk. Soldaten bilakaera aztertu, eta gai horri buruzko proposamenak jasotzen ditu txostenak.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi du txostenak agerian utzi duela soldaten erosahalmena etengabe txikiagotzen ari dela. Patronalak, Urkullu eta Chiviteren gobernuekin batera, ezkutatu nahi duen errealitatea da hori. Krisi garaietan (2008-2013), langile klaseak soldata galerak eta langabeziaren igoera jasan zituen; ondoren, ordea, hazkunde ekonomikoaren garaian, erosahalmenaren galera handitzen jarraitzen du. “Aberastasuna ez da banatzen”, ziurtatu du Lakuntzak, “beraz, pobretzeak langile klaseari bakarrik eragiten dio, bereziki soldata txikienei”.

Xabier Zabala Azterketa Bulegoko kideak gogoratu du erosahalmenaren galera ez dela gauza berria; datuek erakusten dute 2008tik 2020ra batez besteko soldatak prezioak baino 4,2 puntu gutxiago igo zirela. Horrek esan nahi du epe horretan 13.968 euroko galera metatu dela termino errealetan.

Zabalak nabarmendu duenez, soldata baxuenak dituzten pertsonek diru sarrera handienak dituztenek baino dezente gehiago galdu dute; soldata txikienak dituztenek 2020an 2008an baino gutxiago irabazten baitzuten eurotan. Izan ere, bi kolektiboen diru sarreren arteko desberdintasuna % 33 handitu da aldi horretan. Gauzak horrela, diru sarrera handienak dituzten soldatak 51 aldiz handiagoak dira diru-sarrera txikiagoak dituzten soldatak baino.

Gainera, txostenak agerian uztzi du soldata arrakala. Emakumeek gizonek baino %23,3 gutxiago irabazten dute (6.875 euro gutxiago urtean), migratzaileek migratu ez direnen erdia, eta 25 urtetik beherakoak ez dira LGSra iristen.

Era berean, txostenak erakusten du Hego Euskal Herriko lan produktibitatea Europako batez bestekoa baino askoz handiagoa dela, baina batez besteko soldatak azpitik daude, bai EAEn ( % 6,5 gutxiago), bai Nafarroan ( % 14,2 gutxiago).

Bestalde, Ane Zelaia Batzorde Exekutiboko sindikalizazio eta plangintzako arduradunak azaldu ditu soldaten inguruko ELAren proposamenak. Horien artean nabarmendu du erosahalmena bermatzeko beharra. Horretarako, soldata igoerek gutxienez aurreko ekitaldiko KPIa jaso behar dute. Eta gogorarazi du gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izan beharko litzatekeela. Gainera, salatu du lan prekaritatea estrategia bat dela soldatak txikiagotzeko, eta, beraz, beharrezkoa da genero arrakalarekin eta adinak, sexuak eta jatorriak sortzen dituzten prekaritate egoerekin eta diskriminazioarekin amaitzea.

Bestalde, 32 ordu lanaldia helburu, aldarrikatu du 35 ordura murrizteko urrats berriak egin behar direla. Eta gizarte prestazioen eta soldaten arteko harremana: gizarte prestazioak hobetu ahala, enpresek zailtasun gehiago dituzte esplotazio baldintzak ezartzeko. Horregatik eskatu du DSBEren erreforma bertan behera uztea eta EAEn eta Nafarroan onartzea bere garaian Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako LHEren edukiak, sindikatua horren parte baita.

Gainera, ELAk azpimarratu du estrategia sindikalak ezin diola garrantziarik kendu soldatak igotzeari, Lankutzaren hitzetan: “Patronalaren blokeoa eta gobernuen gelditasuna ikusita, ELAk mobilizazioaren eta greben beharra azpimarratuko du, akordio onak lortzeko tresna eraginkorrenak baitira. Soldata errealetan KPIaren defentsa zentrala da egoera honetan”.

Irakurri txosten osoa: