Bilboko Udalak Immigrazio Zerbitzua itxi nahi du
Immigrazioko Udal Zerbitzuaren kontratua amaitzeko hilabete baino geratzen ez denean, Bilboko Udalak ixteko asmoa du
ELAren iritziz IUZ ixteak egoerarik zailen eta ahulenean dauden immigranteei egingo die kalte. Zerbitzu hau egoera erregularrean dauden zein paperik ez duten immigranteen arretarako sortu zen, bi zerbitzuren bidez. Lehena, soziala, gizarteratzeari, familia berrelkartzeari eta borondatezko itzulerari buruzko txostenak egiten dituena; bigarrena, berriz, juridikoa da, Asilo eta Atzerritarren Zuzenbidearen ingurukoa.
Zerbitzu honek urtean 2.500 bat eskari bideratu du, eta hasi zenetik igaro diren 6 urteetan 16.000 dosier. IUZ sortu zenean Bilboko Udala eskariei erantzuna 15 egunetan ematen hasi zen, lehenago zortzi hilabete ere behar zirelarik.
Orain Udalak pertsona hauekiko duen betebeharra saihestu nahi du; bere konpromisoa alboratzeko aitzakia, errotzeari buruzko txostenak Eusko Jaurlaritzak kudeatuko dituela. Halere, IUZek ez ditu bakarrik errotzeari buruzko txostenak egiten, hainbat bidetatik laguntzen baitu immigranteen gizarteratzea.
ELAren ustez erabaki honen zergatia Udaleko gizarte-zerbitzuak murrizteko politikaren baitan dator; oraingoan IUZen moduko zerbitzu publiko bat desagerraraztea da helburua.
Honelako erabakiekin Udalak adierazten du immigranteei ez diela aitortzen eskubidedun pertsona direnik, eta beraz, ez zaiola axola haien gizarteratzea zein egoera juridikoa konpontzea.
Horrenbestez, ELAk eskatzen dio Bilboko Udalari ez dezala kendu immigranteen arreta sozial eta juridikorako zerbitzu hau, eta exigitzen du, gainera, IUZ indartu eta garatzea, kolektibo honekiko arreta bermatzeko, bera baita gizartetik kanporatuta geratzeko arriskurik handiena duen sektorea.