AVANZA DURANGALDEA

ELAk salatu du Bizkaibuseko flota ez dagoela egoera onean baliabide faltagatik

2025/02/13
ELAk kritikatu du azpikontratazioaren bidez giza baliabide eta baliabide material gutxiago bideratzen direla, eta horrek eragina duela flotaren egoeran eta zerbitzuaren kalitatean.

Lan Ikuskaritzaren ebazpen berri batek adierazi du Avanza Durangaldea enpresaren Bizkaibuseko 75 autobus baino gehiago ez daudela higiene baldintza egokietan. Horrek berresten du ELAk aspalditik kritikatu izan duena, eta azpikontratazioaren ondoriozko baliabide faltari egotzi dio egoera. Zehazki, eta garbiketako alorrari dagokienez, giza baliabide eta baliabide material eskasia dago, eta ez da nahikoa zerbitzua kalitatez hornitzeko.

ELAren ustez, harrigarria da Bizkaiko Aldundiak enpresa pribatuei zerbitzu publiko bat azpikontratatzea, eta, aldi berean, enpresa horiek beste batzuk azpikontratatzea. Hori da garbiketaren kasua, zerbitzua prekarizatzea dakarrena: Avanza Durangaldeko hitzarmenean jasota daudenak baino lanaldi handiagoak, soldata txikiagoa eta, azken batean, lan baldintza okerragoak.

Flotaren egoera txarra ez da Durangaldearena bakarrik, ELAk gogorarazi duenez, eta adibide gisa jarri du Ezkerraldea Meatzaldea Bus operadorearen epaia, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako dokumentazio faltagatik hainbat aldiz atzeratzen ari dena.

Gauzak horrela, ELAk eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio zerbitzua ematen duten enpresak eta Avanza Durangaldeko zuzendaritza kontrolatzea, eta horiei exijitu diezaiela murrizketak bertan behera uzteko eta flotaren mantentzea bermatzeko. Izan ere, horrela sortuko dira plantillaren baldintza duinak eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izango zaie.