MURRIZKETAK OSAKIDETZAN

ELAk salatu du Errenteriako Iztieta osasun zentroan profesionalak falta direla

2024/06/03
18 mediku beharrean, 12 daude lanean bertan. Langileen eta pazienteen artean egonezina eta haserrea areagotu dira.

Errenteriako Iztietako osasu zentroko langileak urte bete baino gehiago irauten duen egoera prekarioa jasaten ari dira. Hain zuzen, profesional falta nabaria dute: 18 mediku beharrean, 12 daude. Ondorioz, lan gainkarga eta agenda neurrigabe handitu zaie eta hitzorduak nabarmen atzeratu.
Egoera horren aurrean, erizainek pazienteak artatzen dituzte lehenengo txandan, medikuaren zama arintzeko. Guztira 6 erizain daude 12 erizainen lana egiten.
Bestalde, langile administratiboak dira pazienteen aurrean aurpegia ematen dutenak, eurek kudeatzen baitituzte espezialistetarako zein lehen mailarako hitzorduak, eta 24 orduko epe barruan gainezka dauden agendak kudeatzen dituzte, iristen diren urgentziak ere sartu ahal izateko. Horregatik, eurek dira pazienteen zein profesionalen haserrea jasaten dutenak. Egoera hori tarteko, baja gehien dituen kategoria da.
ELAk beste behin salatu du Osakidetzak egiturazko bihurtu dituela murrizketak, eta lan baldintzen prekarizazio politikekin aurrera jarraitzen du. Murrizketa gehiago etor litezkeela ohartarazi du sindikatuak.