ETXEBIZITZA ESKUBIDEA
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak enpresen interesak lehenesten dituela

EAJk eta PSEk sustatutako etxebizitzaren arloko Larrialdiko Neurrien Legeak etxebizitza babestuaren portzentaia %75etik %60ra jaitsi nahi du promozio berrietan (etxebizitza libre gehiago eraikitzeko aukera emanez). ELAren ustez, neurri honek eraikuntza-enpresen beharrak asetzea baino ez du helburu. Etxebizitza babestua ez da etxebizitza librea bezain errentagarria, eta, beraz, interes korporatiboak herritarren beharren gainetik jartzen ari dira.
Era berean, lege berriak EAEko Justiziak indargabetutako DSBEaren araudiko xedapen bat blindatu nahi du, kolektibo zaurgarrienak prestazio horretatik kanpo uzteko arriskua ekarriz. Araudi berriak dio etxebizitza-titulu baliodunik (erosketa edo alokairukoa) ez dutenek ezin izango dutela DSBE jaso, eta horrek oztopa dezake logela bat azpialokatu duten edo egoera alegalean dauden pertsonen sarbidea prestaziora.
Legearekin batera, Eusko Jaurlaritzak berme-lerro bat jarri du abian gazteen etxebizitzarako sarbidea errazteko. ELAren arabera, halako neurriak baliabide publikoen erabilera baino ez dira etxebizitza salerosketa eta bankuen negozioa sustatzeko. Gazteen etxebizitzarako sarbidea sustatzeko neurriak halako bermeen bidez edo laguntzen bidez egiten dira (Gaztelagun edo Emantzipa programak kasu), eta horrek diru-transferentzia bat suposatzen du sektore publikotik pribatukoarentzat, etxebizitzen prezioen igoera ekarrita gainera.
Etxebizitza herritarrentzat arazo nagusienetako bat bihurtu da, langile klasearen pobretze arrazoi nagusietako bat izanik. Etxebizitza aktibo espekulatibo moduan ikusten da eta ez eskubide gisa, eta gai honetan bai Espainiako Estatuko, bai Hego Euskal Herriko politikek eraikuntza eta finantza enpresen negozioa bultzatu dute. Horrek eragin du etxebizitzen eta alokairuen prezioek azken urteetan etenik gabe gora egitea, 2008ko krisiaren aurreko burbuilaren mailak ere gaindituz.
ELAk gogorarazi du EAEk eskumena duela etxebizitzaren arloan, baina Eusko Jaurlaritza ez dela gai benetako politikak garatzeko 2015eko legean ezarri zen etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko. Noski, babes ofizialeko etxeen portzentajea jaistea eskubide hori bermatzearen aurkakoa da.
Horregatik, ELAk exijitzen du etxebizitzarako aurrekontua handitzea gutxienez BPGaren %2ra iritsi arte, etxebizitza enpresa-interesetatik askatzea eta alokairurako etxebizitza publikoa eraikitzea bermatzea. Era berean, etxebizitza hutsak mobilizatu behar dira kanona ezarriz eta alokairura bideratuz, eta etxebizitza legea garatu behar da EAEko lurralde osoa eremu tentsionatu izendatzeko, alokairuko etxebizitza guztietan prezioen muga ezarriz (ez bakarrik edukitzaile handienenetan), eta gehieneko prezioen indizea EAEn bertan ezarri behar da irizpide objektiboekin eta kontrol demokratikoarekin.