ELAk salatu du ez dagoela benetako informaziorik EAJk eta PSE-EEk sinatu duten akordioaren inguruan

2013/09/10
ELAren aburuz ez da onargarria EAJren eta PSE-EEren jokabidea: propaganda egiteko informazio partziala eta iluna ematea, eta eztabaida soziala saihestea, politiken edukiei buruz.

ELAko ikerketa arloko arduraduna den Mikel Novalek salatu duenez, “EAJren eta PSEren arteko akordioaz iritzi publikoari eman zaion informazioa ez da inola ere nahikoa, ez baitu aukerarik ematen jakiteko benetan zein politika aplikatuko den. Ez dago eskubiderik bi alderdiek akordio bat sinatu eta beronen gehigarriak ezkutatzea, propaganda egin ahal izateko”. Novalek adibide gisa aipatu du PFEZaren edota Sozietateen Zergaren erreforma. Gai hauei buruz atzo kaleratu zen agiriak “ez du ezer esaten. Fiskalitateari buruzko akordio bat aipatzen da, baina bere mamiaren berri ez digute eman”.

Gardentasun eza berdintsua da 'Enplegurako eta Ekonomiaren erreaktibaziorako Plana” delakoari buruz. “Honekiko ere ez da neurri konkreturik jaso”, esan du ELAko arduradunak.

Novalen aburuz, “jokabide hau gobernuek erabili ohi duten propagandaren baitan dago: eztabaida ekidin eta kritika galarazteko egiten dute. Alabaina, informazioa eman ordez propaganda egitea ez da bat ere demokratikoa”.

“Helburua –dio ELAko ordezkariak– gizartea manipulatzea da, datu ilun eta partzialekin egunero espazio mediatikoa betetzeko; hedabide batzuri informazioa tantaka ematen diete eta gizartearen parte hartzea saihesten dute. Kopuru handiak ezagutzera ematen dituzte, baina hauek juzkatzeko daturik ez. Emandako informazioarekin ezinezkoa da erabakitzea aipatzen diren kopuruak errealistak diren ala ez”.

Azkenik, Novalek galdegin du “akordioa oso-osorik ezagutzera eman dezatela, beraren ondorioz hartuko liratekeen neurriekin, eta honen inguruko eztabaida soziala has dadila”. Esan duenez, “ELAk akordioen edukia ezagutzen duenean emango du haiei buruzko iritzia. Ezagutzen ez dena epaitzea ez da zuhurra, jende asko horretarako prest egonagatik ere”.