ELAk salatu du gutxienik Bizkaiko erresidentzietako lan-hitzarmena aplikatzeko akordioa bihar amaitzen dela

ELAren aburuz, greba eragin duen arrazoietako bat da lan-hitzarmen sektoriala gutxieneko gisa bermatzea, erreforma laboralaren ostean hitzarmenak berak ez baitu aplikatuko denik ziurtatzen. Duela bi urte alde sozialak eta Aldundiak hitzartu zuten gutxieneko baldintzak lan-hitzarmenaren araberakoak izango zirela, oheak lizitatzerakoan ezarritako klausula baten bidez. Haatik, gaur arte kontu hau argitze aldera Aldundiak ez du harremanik izan alde sozialarekin, eta kolektiboan zalantza hedatu da.
Azkenik, ostiral honetan sektoreko beharginak berriro kaleratuko dira, Aldundiari eta patronalei exijitzeko beren eskariak aintzat har ditzatela: plantillak gehitu, ratioak aldatu, lan-kargak arindu eta kolektiboaren lan-baldintzak hobetzea.
Manifestazioa goizeko 11.45etan hasiko da Plaza Zirkularretik; bertan elkartuko dira Udaletxetik, Arriaga plazatik eta Zabalburutik abiatuko diren hiru zutabeak.