BIZIKIDETZA DEKRETUA

ELAk salatu du Hezkuntza Sailak CREENAren zuzendaritza aukeratzeko lehiaketa saihestu nahi duela

ELAk salatu du Hezkuntza Sailak CREENAren zuzendaritza aukeratzeko lehiaketa saihestu nahi duela
ELAk ohartarazi du Hezkuntza Dpartamentuak Bizikidetzari buruzko Dekretua baliatu duela langileak hautatzeko mekanismo autoritarioak ezartzeko. Sindikatuak salatu du CREENAko zuzendaritza merezimendu-lehiaketa bidez ez izendatzeko aukera ematen duten xedapenak gehitu dituela dektretuan.

Gaur aurkeztu du Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan elkarbizitza arautzen duen dekretu berria. Nafarroako Gobernuaren gardentasunaren atarian argitaratu ondoren, eta hezkuntzako mahai sektorialetik pasatu gabe, prentsaurreko bat egin da dekretua publiko egiteko.

Bertan, ikastetxeetako bizikidetza arautuko duten jarraibideak jasotzen dira. Hala ere, dekretu horrekin zerikusirik ez duten gaiak jasotzen dituzten azken xedapenetan bada oso deigarria den bat. Azken xedapenetako bigarrena da, 1/2023 Foru Dekretua aldatzen duena, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren (NHEBZ) funtzionamendua jasotzen duena, hain zuzen ere.

Orain arte, ikastetxe horretako zuzendaritza deialdi publiko baten bidez aukeratzen zen, eta deialdi hori hautagaien merezimenduen arabera ebazten zen. Izangaiek, gainera, jarduteko plan estrategiko bat aurkeztu behar zuten. Orain sartu nahi den aldaketarekin, hautaketa hitzez hitz "hezkuntzaren arloan eskumena duen departamentuak erregelamendu bidez zehazten duenarekin bat etorriz" egingo da. Hau da, Hezkuntza Departamentuari  iruditzen zaion bezala.

Ezin dugu ahaztu, gainera, ikasturte honetan Gimeno Kontseilariak izandako gatazketariko bat zuzendaritza horrekin izan dela. Paradoxikoa da, bereziki, ikastetxeetan bizikidetza ona sustatzeko dekretua erabiltzea, barne-gatazkak modu autoritarioan eta despotikoan konpontzeko.

ELAk eskatzen du Bizikidetzari buruzko Dekretua eta haren xedapen guztiak negoziatzeko, mahai sektorialera eraman dadila. Sindikatuak ez du babestuko langileen hautaketa prozedura antidemokratikoagoen bidez egitea eta gardentasun falta areagotzea dakarren neurririk.