ELAk salatu du hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa
ELAk Gipuzkoako Ehungintzako Merkataritzako hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik ez dagoela salatu du. Hitzarmenak 414 enpresatako 2.200 langile ingururi eragiten die, eta negoziazioa 2026ko otsailean hasi zenetik zortzi bilera egin diren arren, patronalak ez du proposamen zehatzik aurkeztu.
Negoziazio mahaian ordezkaritza sindikalaren %83,56 duen ELAk lan baldintzak hobetzea eskatu du. Izan ere, sektore feminizatu horretan ohikoak dira soldata baxuak, lanaldi partzialak, ordutegiek eta beranduko itxierek eragindako kontziliazio arazoak eta digitalizazioaren ondoriozko funtzioen etengabeko aldaketak.
Sindikatuak langileen ekarpenetan oinarritutako aldarrikapen plataforma osatu du, inkesten bidez jasotako eskaerak kontuan hartuta. Hala ere, salatu du ADEGI patronala sektorearen diagnostikoa egitera mugatu dela, negoziazioan aurrera egiteko neurririk proposatu gabe.
Blokeo egoeraren aurrean, ELAko ordezkariek hainbat mobilizazio egin dituzte azken hilabeteotan, besteak beste, auto karabana bat Donostian eta elkarretaratze bat ADEGIren egoitzaren aurrean.
Hurrengo negoziazio bilera azaroaren 26an egingo dute. ELAk patronalari inmobilismoa alde batera utzi eta proposamen zehatzak aurkezteko eskatu dio. Halaber, gogorarazi du aurreko hitzarmeneko hobekuntzak 19 greba egun deitu ondoren lortu zirela.