ELAk salatu du Immigrazioaren Kontseilu nafarretik baztertu egin dutela

2010/11/05
ELA ez dago duela gutxi eratu den Immigrazioaren Kontseilu nafarrean. Kontseilu honetan Nafarroako Gobernua eta hainbat gizarte erakunde zein sindikatu dago ordezkatuta, baina ELA kanpoan geratu da.

ELAk Nafarroan ordezkaritza sindikalaren %21etik gora dauka, eta 1.450 ordezkari inguru enpresetan, baina ez diote Immigrazioaren Kontseiluan parte hartzeko aukera eman nahi.

ELAk salatu du Kontseiluan sartzeko aukeraz ez diotela berririk eman, ezta gonbidatu ere; beraz, sindikatuak Kontseiluaren buru den Alberto Catalan jotzen du erabaki honen arduradun; berariaz baztertu nahi ditu Gobernu nafarrak daraman politikarekin ados ez dauden erakundeak.

Sindikatu honen ustez, informazio eta kontsultarako eratzen diren erakunde instituzionalak osatzerakoan oinarrizko printzipio demokratikoak hartu behar dira aintzat: aniztasunaren errespetua, adibidez; eta muga bakarra, erakundeek Kontseiluan parte hartzeko erabaki librea izatea.

Argi dago Immigrazioaren Kontseilu nafarra eratzerakoan horrelakorik ez dela errespetatu; beraz, Nafarroako Gobernuak erabaki antidemokratikoak hartzen ditu, oraingoan ere ez baitu langile nafarrek erabakitako ordezkaritza sindikala onartzen.

Hori guztia medio, ELAk kontseilu horretatik baztertzea erabaki larritzat hartzen du, eta Alberto Catalan sailburuari exigitzen dio lehenbailehen zuzen dezala erabaki hau, eta gobernu honen erabakietan horrelako jokabideak bertan behera uzteko.