ELAk salatu du Kutxabanken enplegua suntsituko dela eta lan-baldintzak gero eta okerragoak direla

2015/09/18
ELAk salatu du Kutxabanken enplegua suntsituko dela  eta lan-baldintzak gero eta okerragoak direla
Joan den irailaren 4ean ELAk Villalabeitiari bilera bat eskatu zion Planaren eta bere ondorioen berri izateko. Ezezkoa jaso genuen, kontua barne-auzi bat dela argudiatuta. Halere, prentsaren bidez jakin dugu Erakundeko lehendakariak ez daukala inolako eragozpenik EAEko patronalek gonbidatuta bere hitzaldietan parte hartzeko.

Kutxabankek Negozioa Garatzeko Plan Berri bat egitea erabaki du. Agiri hau ez du aurkeztu. Gardentasunez jokatu ordez, propaganda operazio bati ekin dio, plan horrekin lortzea espero omen duten helburu eta emaitzak aipatuaz.

Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko lehendakariak langileei igorri dien gutun batean dio plana erakundeko gobernu-organoei, banku zentralari, sindikatuei eta taldeko 700 pertsonari aurkeztu zaiela. Hau, ELAri dagokionez, ez da inola ere egia.

Joan den irailaren 4ean ELAk Villalabeitiari bilera bat eskatu zion Planaren eta bere ondorioen berri izateko. Izan ere, batetik, Planak eragin larriak izan baititzake, eta bestetik, hartu beharreko erabakiei buruz ez dago bat ere gardentasun eta zehaztasunik, hauek ondorio zuzena izan dezaketelarik Kutxabankeko zuzeneko zein zeharkako enpleguan. Haatik, ezezkoa jaso genuen, kontua barne-auzi bat dela argudiatuta. Halere, prentsaren bidez jakin dugu Erakundeko lehendakariak ez daukala inolako eragozpenik EAEko patronalek gonbidatuta bere hitzaldietan parte hartzeko.

Enpleguari dagokionez, 2010etik hona Kutxabankek zuzeneko 1.098 lanpostu suntsitu ditu, eta honi erantsi beharko genioke azpikontratetan, Gizarte-Ekintzan eta esternalizatutako enpleguan desagertu dena. Horrela urteotan 55etik gora milioi euro aurreztu dira. Orain, aipatutako planean kostuak areago murrizteko asmoa iragarri dute; horretarako, noski, enplegu gehiago suntsituko dute (lanpostuen amortizazioa eta bulego itxiera), baita lan-baldintzak okertu ere.

Halaber, salatzeko modukoa da Kutxabankeko bulegoetako pertsonalaren egoera, gero eta behargin gutxiagok lan-karga handiagoari egin behar baitiote aurre.

Planeko neurrien artean aipatzen da ere Kutxabankek enpresetan dituen partaidetzak txikiagotu egingo direla: Euskaltel dugu jokamolde horren adibidea; han milioika euro banatu dituzte bonusetan, eta garai berean enplegua galdu da eta lan-baldintzak prekarizatu. ELAk jakin nahi du hau ote den kutxak partaidetza duen enpresen etorkizuna.

Plan berriari buruzko informazio orokorrean esaten da negozioa banku komertzialen ildotik joango dela, hots, espekulazioaren eta bezeroei komisio gehiago kobratzearen bidetik. Gainera, aipatzen da higiezin-aktibo toxikoak putre-funtsei saltzeko asmoa ere. Kutxabankek duela ez asko dagoeneko 340 milioi euroko balioa zuten aktiboak 5 milioitan saldu zizkien halako funtsei (gainera, 5 milioiak gero komisiotan eta beste ordain batzuk egiteko galdu ziren). Dakigunez, aktibo horien barne-kudeaketa egin balitz balioaren %50etik gora berreskura zitekeen. Hots, nahiago izan zuten ondasun bat putre-funtsei saldu, zordunekin negoziatu baino. Hau ote da Kutxabanken Gizarte-ekintza?

ELAk deitoragarria jotzen du garai bateko kutxek daramaten bilakaera, eta honek arduradun politiko argiak ditu. Kutxabankek ez du eginkizun sozialik enplegua suntsitzen badu.