EITB

ELAk salatu du Legebiltzarreko taldeek modu ilun eta arbitrarioan adostu dutela Administrazio Kontseilutik kanpo uztea

2025/02/20
Gasteizko Parlamentuak ELAren postua (% 40) UGTri (%10) emango dio, sindikatu horren zeregin nagusia euskararen aurka egitea bada ere. ELAk izendapenen aldeko botorik ez emateko eta ordezkaritza-irizpideeierantzungo dien lege berri batekin konprometitzea eskatu die alderdiei.

 

ELAk jakin izan du Eusko Legebiltzarreko talde politikoek erabaki dutela sindikatua EITBko Administrazio Kontseilutik kanpo uztea (azken legegintzaldian ELA bertan aritu da), iluna izan den eta berme demokratikorik gabe adostutako akordio baten bidez. Gogoratu behar da hori izan zela legebiltzar-taldeen jarduna hamarkadetan zehar (EITB sortu zenetik 2017ra arte, gutxienez), hau da, EITBren Administrazio Kontseilua osatzen duten 19 pertsonak aukeratzea "kromo trukaketa" balitz bezala, interes alderdikoiak eta pertsonalak asetzeko.

Lehen sindikatua (ELAk langile klasearen ordezkaritzaren % 40 gainditzen du) baztertu eta UGTri bere lekua ematea izango da ‘alderdien arteko azoka’ horren emaitza; izan ere, UGTk % 10 baino ez du (eta, gainera, ez du ordezkaririk EITBn), eta arlo horretan egiten duen lan sindikala euskararen erabileraren eta sustapenaren aurka egitea da.

ELAk gogorarazi du, arauaren arabera, EITBren Administrazio Kontseiluaren osaerak Legebiltzarraren bi herenen aldeko botoa behar duela, eta horrek ezinbestekoa egiten duela, gutxienez, EAJren eta EH Bilduren botoa (75 eserlekuetatik 54 dituzte). Kasu honetan, PSEren eskakizunei amore eman diete, UGT bezalako sindikatu minoritario bat sartzeko. Horregatik, ELAk akordio horren arrazoiak azaltzeko eskatu die Legebiltzarrean dauden alderdiei.

Bestalde, ELAk EITBko Administrazio Kontseiluaren hautaketa arautzen duen 8/1998 Legea aldatzea eskatzen du, Legebiltzarrak arlo sozial edo sindikaletan zilegitasun demokratikoarekin talka egiten ez duten izendapen-irizpideak erabil ditzan. Azken batean, ELAk alderdiei eskatu die ez dezatela bozkatu EITBren Administrazio Kontseiluaren osaera horren alde, eta konpromisoa har dezatela ordezkagarritasun-irizpideei erantzungo dien lege berri bat egiteko.