Osakidetza

ELAk salatu du lehen arretan 180 egunez murrizketa zuzenak ezartzen direla

2024/06/17
Bidasoa eta Errioxa ESIetan lehen aldiz aplikatuko dira murrizketak. Bilbao-Basurtoko ESIan iaz baino %10 murrizketa gehiago izango dira, eta hamar zentroetatik seiri eragingo die. Urtetik urtera murrizketak luzatzen eta hedatzen dira. Egoerak okerrera egingo du erretiro plan baten faltan: Hiru urteetan (2023-2025) 1.454 mediku eta 912 erizain jubilatuko dira Osakidetzan.

Osakidetzako osasun zentroak ixtea eta ordutegiak murriztea ohikoa bihurtu da azken urteotan udan, Gabonetan eta Aste Santuan, eta urtero murrizketa gehiago eta epe tarte luzeagoetan aplikatzen dira. “Hori gertatzen da Osasun Sailak ez duelako neurri bakar bat ere hartu estrukturala den arazo bat konpontzeko”, azpimarratu du prentsaurrekoan Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak, eta ohartarazi du egoerak okerrera egingo duela neurririk hartu ezean. “Legegintzaldi berri baten atarian, Osakidetza duela 4 urte baino okerrago dago”.

 

Murrizketekin urte erdiz lanean

Osakidetzak udarako iragarritako murrizketen arabera, Lehen Arretako 126 zentrotan (guztira 339 daude) hainbat murrizketa egingo dira ekainetik irailera. Halako murrizketak 2022ko uztailetik aurrera aplikatu ziren, eta aurten orduan baino hilabete lehenago hasiko dira ezartzen. Gainera, lau hilabetez luzatuko diren murrizketa horiei batu behar zaizkie Gabonetan eta Aste Santuan egindakoak. Ondorioa oso larria da, ELAren iritziz: Lehen Arretako zentroek murrizketa zuzenekin (itxierak, ordutegi murrizketak) funtzionatzen dute urtean 180 egun. Urte erdia baldintza horietan jarduten dute, beraz. Azpimarratu behar dugu ere, gainerako 6 hilabetetan, ordezkapen falta, hutsuneak eta langile falta ere badagoela.

Etengabeko arretako guneetan egoera are larriagoa da. 2022ko ekainean lehen aldiz zabaldu ziren gune horiek osasun talde osorik gabe, zehazki medikurik gabe. Bi urteren buruan, egoera hori egiturazkoa eta ohikoa bihurtu da urte osoan. Oso agerikoa da egoera, adibidez, Barrualde-Galdakao ESIko EAGetan (esaterako, Laudio, Basauri, Zornotza, Odarru edo Lekeitio) edo Donostialdea ESIko EAGetan (Hernani, Iztieta edo Zarautz). Egoeraren neurria ematen du Osakidetzak berak onartutako datu honek: udan medikuen 1.000 txanda inguru ez dira beteko.

Hori gutxi ez, eta Osakidetzak ere planteatu du egun batzuetan irekita egongo diren osasun zentroetan medikurik ez egoteko aukera badagoela. Errealitate hori ere ohikoa bihurtu da anbulantzia medikalizatuetan.

Beste kategorietan ere hutsune nabamenak daude. Osasun zentro batzuetan ez dago pediatrarik (Osakidetzak berak emandako datuen arabera, otsailean 41 pediatra lanpostu zenuden bete gabe Lehen Arretan); eta beste batzuetan, oporraldietan, ez dago emaginik. Gainera, ez dira oporrak eta erretiroak ordezkatzen, eta horrek esan nahi du lan karga are handiagoa dela. Otsailean, 151 Lehen Arretako mediku lanpostu zeuden bete gabe. Ondorioz, Lehen Arretako egoera beste zerbitzuetara hedatzen da, bereziki ospitaletako larrietara. Adibidez, Gasteizko ospitaleko larrialdiak gainezka ikusi ditugu.

 

Murrizketak gero eta ESI gehiagotan

Erakunde Sanitario Integratuetako datuei erreparatuz gero, agerikoa da udako murrizketen gorakada:

  • Bilbao-Basurto ESI: 2023an murrizketak aplikatu ziren lehen arretako zentroen %47an. 2024an, zentroen %60ri eragiten die.

  • Bidasoa ESI: 2022. eta 2023. urteetan ez zen murrizketarik ezarri. Aurten Lehen Arretako zentro guztiei aplikatuko zaizkie.

  • Uribe ESI: 2022an murrizketek ESIko 8 osasun zentroei eragin zieten, eta aurten 20ri, hau da, zentroen %65i. Gogoan izan behar da udan nabarmen handitzen dela inguru horretako biztanleria.

  • Barrualde-Galdakao ESI: kontsultak ixteko batez besteko denbora bikoiztu egin da. Iaz 10 egun itxi ziren batez beste, eta aurten 20. Udan biztanleria ugaritzen den eremuetan daude.

  • Errioxa ESI: aurten lehen aldiz murrizketak ezarriko dira. Gune horretan udan ere gora egiten du biztanleriak.

 

Belaunaldi aldaketarako plan bat

ELAk behin eta berriz salatu du egoera hori erabaki politikoen ondorioa dela. Langileen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa izanik, Osasun Sailak ez du belaunaldien erreleboa planifikatu, eta premiazkoa da. Hiru urteetan (2023-2025) 1.454 mediku eta 912 erizain jubilatuko dira Osakidetzan.

Gainera, plantillaren erdia baino gehiago behin-behinekoa da, lan kargak ugaritzen ari dira, ez dira ordezkapenak egiten, kontziliazio neurriei zailtasunak jartzen zaizkie… Profesionalak egon badaude, baina ez dute lan baldintza horietan lan egin nahi. Horregatik, osasun pribatura edo atzerrira joaten dira. Mediku Elkargo Erakundearen arabera, 2021ean atzerrian lan egiteko ziurtagirien eskaeren errekorra eman zen: 4.130 guztira Espainiar estatuan. Eskaera gehien dituen espezialitatea familia-medikuarena da. 4.130 eskaera horietatik, 78 EAEko medikuei dagozkie.

Osasun Sailari langile eskasiari aurre egiteko plan bat eskatzen dio ELAk, profesionalek karrera profesionala Osakidetzan garatu nahi izateko baldintzak sortu behar dituena. Jaurlaritzak soilik aparteko orduak ordaintzeaz hitz egiten du, baina lan baldintzak oro har hobetu ezean, Osakidetzaren egoerak okerrera egingo du.