ELAk salatu du murrizketekin enplegua galdu eta zerbitzuaren kalitatea okertuko dela

Gaur, apirilak 11, izan den Osakidetzako Mahai Sektorialaren bileran ELAk honako puntuak adierazi ditu:
· Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera salatu du, edozein negoziazio-prozesu eragotzi egiten baitu.
· Ezarritako murrizketekin beharginei ohostutakoa itzultzeko eskaria.
· Urteko konputoa eta astean 35 orduko lanaldia manten daitezela eskatzea, baita murrizketa unilateralekin hasi aurretik langileek zituzten baimen egunak ere.
· Kalitatezko osasungintza publikoaren eredua aldarrikatzea, herritarren zerbitzura dagoena. Osakidetzaren murrizketek eredu hau zalantzan jarri dute.
ELAk nabarmendu du bileran mahairatu dituen puntuok ez direla korporatibismoaren ondorio, izan ere, Osakidetzako zuzendaritzaren erabakiek oinarrizko zerbitzu publikoari eta, horrenbestez, herritarren ongizateari ere kalte egiten baitiote.
Bestalde, ELAk argi utzi du lanaldia luzatzeko asmoa ez duela onartzen; honek, administrazioak iragarritako murrizketekin batera, euskal osasun-sektorean enplegu asko galtzea ekarriko du, eta langileen baldintzei ere atzerakada eragingo die.