Osasunbidea

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk mobilizazioa desaktibatu nahi dute

2023/03/07
Medikuen Sindikatuaren neurrira egindako akordioa bidegabekeria da gainerako kolektiboentzat, ez baitago ia neurri zehatzik haientzat. ELAk dei egiten die langileei hilaren 15eko elkarretaratzeekin, martxoaren 18ko manifestazioarekin eta martxoaren 23ko grebarekin bat egiteko.

Joan den astean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemosen arteko akordioa argitaratu zen, eta horren bidez, bi lege proposamen aurkeztu dituzte, datorren astean Parlamentuan onartzeko.

Bi lege horiek Osasunbidearen eta Medikuen Sindikatuaren arteko akordioa berrestea dakarte. Akordio horren arabera, hilean 400 euro gehiago jasoko dituzte, eta akordio hori gainerako kolektiboentzat bidegabekeria da, haientzat ia ez baitago neurri zehatzik.

Zehaztasun falta hori nabarmena da karrera profesionalaren garapenari dagokionez; izan ere, Osasunbideak bere gain hartzen duen konpromiso bakarra arau esparruaren proposamen bat egitea da, eta haren ezarpena aurrekontu esleipena egotearen baldintzapean dago. ELAk guztiontzako karrera profesionala defendatzeko kanpaina bat jarriko du abian datozen asteetan, irizpide objektiboekin, klientelismorik gabe eta genero ikuspegiarekin.

Gainera, planteatutako neurriek ez dute balioko Lehen Mailako Arretan dauden beharrak asetzeko eta itxaron zerrenden egoera hobetzeko. Egoera hori iraultzeko, beharrezkoa da inbertsio publikoa handitzea (gaur egun, BPGaren % 5,6 baino ez da bideratzen Osasunbiara, UPNren garaietako ehuneko bera eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino 3 puntu gutxiago), eta inbertsio hori ez da aurreikusten adostutako bi legeetako batean ere.

Azkenik, ELAk PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemosen jokabidea deitoratzen du, Osasunbidearen eta sindikatuen arteko negoziazio esparrua errespetatu gabe legeak onartuko dituztelako, sektoreko langileak desmobilizatzeko helburuarekin.