OSASUNGINTZA

ELAk salatu du Osakidetzak biltegien pribatizazioan beste urrats bat egin duela

2023/11/17
Zuzendaritzak hilabete hauetan bere kabuz landu duen proiektuaren berri eman du. Proiektu horrekin zerbitzua kanpoko enpresa bati lizitatu eta zerbitzu publiko bat pribatizatuko da

Azken hilabeteetan Osakidetzako langileak biltegien pribatizazioaren aurka eta lanpostuak defendatzeko mobilizatu arren, eta kaleak zerbitzu publikoen aldeko aldarri bihurtuta ere, Osakidetzak aurrera jarraitzen du pribatizazio proiektuarekin.

ELAk salatu izan du Osakidetzak biltegiak pribatizatzeko asmoa zuela, eta proiektua opakotasun osoz zeramala, sindikatuei ezer jakinarazi gabe. Orain, proiektua erabat landuta dago, eta dagoeneko idatzita daude obren eta zerbitzuaren lizitazioa; sindikatuek ez dute inolako informaziorik izan prozesuaren nondik norakoei buruz, ordea.

Osakidetzako biltegietan 180 langilek lan egiten dute guztira, eta Osakidetzan sartzen den material guztia kudeatzeaz arduratzen dira. Gainera, material guztia jaso, erregistratu eta sailkatzen dute, ESIen eta zerbitzuen eskaera guztiak jasotzen dituzte, eskaerak prestatzen dituzte, eta zerbitzuen arabera banatzen dituzte eskaerak. Gaur egun, 180 pertsona horien etorkizuna zalantzan dago.

Duela hilabete batzuk, Sagardui sailburuak adierazi zuen ez zela lanposturik suntsituko. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da: langile askok urteak daramatzate iruzurrezko aldi baterako kontratazioekin, egiturazko lanak egiten, euren lanpostua formalki sortu gabe; aldi berean, langile finko asko erretiratzeko zorian daude. Beraz, ekuazioa erraza da: aldi baterako kontratuak amaitutzat ematea eta etorkizuneko erretiroetatik sortzen diren lanpostu hutsik ez betetzea. Eta ondoren, zerbitzua hirugarren enpresa baten esku uztea. Azken batean, zerbitzua pribatizatzea.

ELA sindikatuak uste du Osakidetzaren pribatizazio plana baldintzatzeko bide bakarra mobilizazioa dela, eta, horrela, Osakidetzari exijitu behar zaio proiektu hori geldiaraz dezala eta berma dezala, alde batetik, zentro logistiko berriaren kudeaketa soilik publikoa izatea, eta, bestetik, ez dela langilerik kaleratuko, ez finkoa ez aldi baterakoa. Horregatik, datorren abenduaren 19rako deitutako grebarekin bat egitera deitzen ditu langileak, sektore publiko osoan. Aldarrikapenetako bat, hain zuzen ere, zerbitzuaren publikotasuna baita.