ELAk salatu du PSOE eta Ciudadanosen arteko akordioa PPren politikatik oso hurbil dagoela
Akordioak ontzat ematen ditu egungo desastrera ekarri gaituzten europar politikak. Esaterako, “konpromiso irmoa” adierazten du aurrekontu-egonkortasunarekiko eta Europar Batasuneko Egonkortasun Itunarekiko; horrela, Zapateroren zein Rajoyren agintaldietan era guztietako murrizketak ezartzera bultzatu duen oinarria onesten da. Aipatzen diren neurri sozial gehienak ez dira bat ere zehatzak; ondorioz, dagokion gobernuaren erabakiaren baitan geratuko lirateke.
ELAk enpleguarekin zerikusia duen atala nabarmendu nahi du:
-
Negoziazio kolektiboaz esaten denak ez du zerikusirik azken erreforma laboralak deuseztatzearekin. Enpresa-hitzarmenaren lehentasuna mantentzen da, sektorialarekiko, gai guztietarako, lanaldia eta oinarrizko soldatari dagokiona izan ezik (ez da gainerako soldata-kontzeptuen kasua). Ultraaktibitatea gehienez 18 hilabetez luzatuko da; “enpresen beharrizanetara negoziazioz egokitzeko mekanismo eragingarriak” ezinbestekotzat jotzen dituzte (jada badagoen malgutasun izugarria huskeria bailitzan), eta aipatzen da, negoziazio kolektiboaren zentralizazioa areagotuz, “eremu probintzial sektoriala gainditu” egin behar dela.
-
Kontratazioan zergati justifikaturik gabeko aldi baterako kontratu bat sortzen da; ez da asko zehazten, baina beste erreforma bat beharko litzatekeela esaten da, kontratu mugagabea dutenen kaleratzea erraztu eta merkatzeko. Gainera, kaleratzeren kostuaren zati bat langileek ordaintzea nahi dute, funts berri batera ekarpenak eginez.
Herrien autodeterminazioari buruz, berriz, akordioak erreferendum oro arbuiatzen du. Gainera, testuan behin eta berriz aipatzen da estatu mailan hainbat arlo “uniformizatu” beharra; azken hamarkadetako inboluzio zentralistarekin jarraitu nahi dute, beraz.
Hortaz, ELAren ustez akordioa ez da inola ere erreformista eta progresista, bere lerroburuak dioen moduan. Alderantziz, akordioa puntu askotan PPren posizioetara hurbiltzen da; izan ere, Rajoyren alderdiak arazorik gabe sinatu ahal izango luke.