ELAk salatu du Rajoyren dekretazo berriak ez duela enplegua sortuko, prekarietatea baizik
Dekretuak kontratazioarekin eta enplegu-bitartekaritzarekin lotutako neurriak jasotzen ditu, eta hauek langabezia-tasa %15eraino jaitsi arte izango dira indarrean. Hauek dira, besteak beste:
-
Aldi baterako kontratu berri bat sortzen da, 'lehen enplegu gaztea' izenarekin, eta bere “zergatia” langileak lehen esperientzia profesionala izatea da. Kontratu berri honekin praktikan zergati justifikaturik gabeko aldi baterako kontratazioa legeztatzen da 30 urtetik beherako langabeei dagokienez, euren lan-esperientzia 3 hilera iristen ez bada. Kontratuak gutxienez hiru hilabete iraungo du, eta gehienez, 6. Kontratuaren gehienezko iraupena estatu mailako sektore-hitzarmenaren baitan luzatu ahal izango da (edo, subsidiarioki, beheragoko esparru bateko sektore-hitzarmenean), gehienez 12 hilerarte. Kontratua mugagabea bihurtzen bada GSko enpresa-kuoten gainean 3 urtez hobariak ezarriko dira. Hobaria gizonen kasuan urteko 500 euro izango da, eta emakumeen kasuan, berriz, 700 euro.
-
Enpresak ordaindu beharreko kotizazioak kendu edo zeharo murrizten dira, 30 urtetik beherako gazteak -baldintza jakin batzuk betez gero- lanaldi partzialean kontratatuz gero. Hots, lanaldi partzialeko kontratazioa sustatu nahi dute, lanaldi osokoa baino enplegu prekarioagoa, alegia. Enpresek 12 hilabetez ez dute ordaindu beharrik izango gertakari arruntei dagokien kuota, baldintza hauek betez gero: 250etik beherako plantilla eta 30 urtetik beherako pertsonak hartzea (3 hiletik beherako lan-esperientzia dutenean, edota esperientzia luzeagoa izanagatik araudiak ezarriko dituen sektoreetan izan bada, edota enplegu-eskatzaile gisa azken 18 hiletatik 12tan erregistratuta egon badira). Ordutegia ezin izango da lanaldi osoaren %50ekoa baino luzeagoa izan. Enpresaren plantilla 250etik gorakoa bada, kotizazioaren gaineko kenketa %75ekoa izango da. Kontratu mota hau prestakuntzarekin lotu beharra dago. Halere, prestakuntza oso kontzeptu lausoa da, halakotzat hartzen baita ofiziala edo Enplegu-Zerbitzu Publikoarena, nahiz hizkuntzena edo informazio-teknologiena. Kontratua mugagabea edo aldi baterakoa izan daiteke. Dekretuak dio enpresak ezin izango duela langilea kaleratu kontratuak irauten duen bitartean (12 hileko mugarekin), baina kaleratze objektiboak ahalbidetzen dira (zio ekonomiko, tekniko, organizatibo zen produktiboak medio, besteak beste).
-
Praktika-kontratuen sustapena. Praktikatako kontratuak egin ahal izango dira hogeita hamar urtetik beherako gazteekin, dagozkien ikasketak amaitu eta bost urte edo gehiago igaro arren. Enpresek eta langile autonomoek hogeita hamar urtez peko pertsona batekin praktikatako kontratu bat sinatzen dutenean Gizarte-Segurantzako gertakari arruntetako enpresa-kuotaren %50eko murrizketarako eskubidea izango dute, kontratatu den langilearen kasuan eta kontratuaren iraupena bukatu arte.
-
Aldi Baterako Lan-Enpresek (ABLE) prestakuntzarako eta ikastunentzako kontratuak egitea ahalbidetu.
-
Enpresaren kotizazio sozialen salbuespena. Lehen 12 hiletan erabat salbuetsiko da gertakari arruntetako kotizazioen ordaina, baldintza hauekin: enpresak (edo autonomoak) 9tik behera langile izatea, eta kontratu mugagabea egitea (lanaldi partzial zein osoa dela ere) 30 urtetik beherako gazteei.
-
Autonomoen kotizazio sozialak eta zergak murriztu eta langabezia kobratzeko modua erraztu. Hainbat neurri autonomo berriek Gizarte-Segurantzari kotizazio gutxiago ordain diezaioten; halaber, aldi berean jarduera profesionala egin eta langabezia-prestazioa jasotzeko aukera ere emango da.
-
Jarduera berriak sortzea sustatuko da (sortu berriko erakunde merkantilak). Aldi baterako jarduera berriek zerga murriztuak ordainduko dituzte (zerga arau hau ez da Hego Euskal Herrian aplikatzen); langabezia kapitalizatzeko aukerak, enpresa berrien kapital sozialerako ekarpenak egin ahal izateko.
II- ELAREN BALORAZIOA
ELAk erabakiok ez ditu onartzen, eta erretira ditzatela eskatzen du, honako arrazoiengatik:
-
Prekarietate laboral handiagoa. Krisiaz baliatzen dira eskubide laboralak murrizteko. Gure agintariek sarri prekarietatea murriztu beharra aipatu arren, erabaki benetan larriak hartzeko ez dute zalantzarik egiten: 30 urtetik beherakoentzat zergati justifikaturik gabe tenporalitatea legeztatzea, edota lanaldi partzialeko kontratazio prekarioa merkatzea (lanaldi osoaren %50etik beherako ordutegiarekin). Erreforma laboralaren eta negoziazio kolektiboaren erreformaren ostean, beste urrats bat. Kontratuaren objektua gauzatu beharreko jardueratik banandu egiten da, beraz, enpresak ez du iruzurrezko aldi baterako kontraturik egin beharrik izango (enpresaren beharrizan estrukturalak legeari iruzur eginez aldi baterako kontratuz osatzen dira).
-
Diru-sarrera publikoak murriztu, batik bat Gizarte-Segurantzarenak. Hainbat pentsio-erreforma baliabide ekonomiko urriak medio zuritu ondoren, erabakiokin enpresek kotizazio sozial gutxiago ordainduko dute; hau, berriz, etorkizuneko murrizketak justifikatzeko erabiliko dute. Horixe da aurki plazaratuko duten erretiro aurreratuaren eta partzialaren erreformaren xedea ere.
-
Ez da enplegurik sortuko. Prekarietate laboralak eta enpresei emandako diru-laguntzek ez dute enplegurik sortzen. Behin eta berriz agerian geratu da hori. Neurriokin bi ondorio iristen dira: enpresen etekinak haztea eta lan-baldintzak okertzea. Hots, aberastasunaren banaketa gero eta injustuago eta antisozialagora daramate. Enplegua sortzeko aitzakia jartzen dute aurretik, gizarteak murrizketak arbuia ez ditzan. Gobernuak badaki, ordea, gezurretan ari dela, baita gai honetan ere.