ELAk salatu du Urkulluk fiskalitatean ez jarduteak kapitalari baino ez diola mesede egiten

2022/10/06
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Mikel Noval Azterketa Bulegoko arduradunak, prentsaurrekoa eman dute gaur, eta bertan Lakuntzak salatu du “Urkullu eta Ahaldun Nagusiak Iberdrola eta Petronorren eta enpresa handien aliatu onenak direla; mozkin handiak izanik, ez dute ia ezer ordaintzen zergetan, eta uko egiten diote gizarte beharrei eta politika publikoen finantzaketari egiten dieten ekarpena handitzeari”. Gainera, gogor kritikatu du “Lehendakariaren gelditasuna, enpresa handiei eta kapitalari bakarrik egiten baitie mesede: Hitz hutsak erabiltzen ditu, erantzukizuna edo ondorioak neurtzeko premia aipatzen ditu, adibidez, neurriak hartzeari uko egiteko”. Egungo egoerari aurre egiteko neurriak behar dira, ordea, prezioen gorakada, adibidez, egiturazkoa baita.

Egoera horren aurrean, ELAk soldaten, pentsioen eta gizarte prestazioen erosahalmena defendatu du berriro. Gainera, zerbitzu publikoak indartu behar dira eta funts publikoen kopuru handiak bideratu behar dira trantsizio ekologiko eta energetikoa kontrol sozialarekin egiteko. Horregatik, Lakuntzak uste du “inoiz baino premiazkoagoa dela zerga bidezko erreforma bat egitea, alde batetik, diru sarrera publikoak nabarmen handitzea ahalbidetuko du politika horiek gauzatu ahal izateko; eta, bestetik, kapitalek, ondareek eta enpresen irabaziek orain baino askoz gehiago ordaintzea ekarri beharko du”.

Mitxel Lakuntzak ohartarazi du Gasteizko gobernuak hainbat gairi buruzko herrialdeko akordio edo itunei buruz hitz egiten dutenean, fiskalitatea alde batera uzten duela. ELAk ez du uste hori kasualitatea denik, baizik eta indar politikoek ez dutela gai nagusi hori eztabaidatu nahi.

Mikel Novalek, ELAko zerga politiken arduradunak, salatu du “Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak ez dutela kapitalari zergak gehitzeko eztabaida ere ireki nahi. Hori oso larria da, eta are gehiago Nazioarteko Diru Funtsa edo Europako Batzordea bezalako erakundeak energia enpresek ordaintzen dituzten zergak handitzeko beharra planteatzen ari direnean, edo ondarearen gaineko zergak handitzeko beharra planteatzen ari direnean”.

Novalek gogorarazi du “fiskalitatea sakoneko eztabaida dela gure gizarte eredua definitzeko, eta frogatu dela Hego Euskal Herrian dugun eredu fiskala oso bidegabea dela”. Kontzertuaren eta Hitzarmen Ekonomikoaren erabilera txarraren adibide gisa, Novalek honako hauek nabarmendu ditu:

  • Diru bilketaren maila Europako batez bestekoaren oso azpitik dago. Europako batez bestekoarekin parekatzeko, 4.640 milioi gehiago bildu beharko lirateke urtean EAEn, eta 1.746 milioi gehiago Nafarroan. Kopuru hori, adibidez, Hezkuntzako aurrekontua baino handiagoa da: 2022an 3.235 milioi eurokoa zen EAEn, eta 890 milioikoa Nafarroan.
    Diru-bilketa lan-errentei dagokie. 2007tik 2021era, laneko errenten ekarpenak 2.100 milioi euro egin du gora PFEZn (1.600 milioi EAEn eta 500 milioi Nafarroan).
  • Sozietateen gaineko zergaren bilketaren beherakada. 2007tik 2021era sozietateen gaineko zergaren bilketa 1.170 milioi euro jaitsi da (900 EAEn eta 270 Nafarroan). Diru horrekin gizarte prestazioen bikoitza baino gehiago finantzatu ahal izango litzateke (DSBE eta Gizarte larrialdietarako laguntzak izeneko prestazioetarako aurtengo aurrekontua 430 milioikoa da EAEn, eta Nafarroan 97 milioi euroko aurrekontua dago Errenta Bermaturako).

Enpresek beren irabazien % 7,6 baino ez dute ordaintzen Sozietateen gaineko zergan.
Horren presio fiskala (BPGren % 1,5 EAEn eta % 1,3 Nafarroan) Europaren atzean dago (batez beste, BPGaren % 2,4). Europako batez bestekoarekin berdintzeko, 691 milioi gehiago bildu beharko lirateke EAEn eta 235 milioi gehiago Nafarroan.

Datuak ikusita, Novalek salatu du “Ogasunek diru gutxi eta modu okerrean biltzen dutela; beraz, diru gehiago eta hobeto bildu beharko litzateke. Gure agintariak kapitalarekin aliatuta daude: enpresa handiek ez dute zergarik ordaintzen, baina Gobernuari diru laguntzak eskatzen dizkiote etengabe, edo AHT bezalako alferrikako azpiegituretan milaka milioi xahutu”.

Horregatik, iruzur fiskalaren aurkako borrokarekin batera, beharrezkoa da kapitalak ordaintzen dituen zergak nabarmen handitzea. Zehazki, ELAk ezinbestekotzat jo du premiazko zerga erreforma bat egitea:

- Sozietateen gaineko zergan, mozkinen gaineko % 25eko gutxieneko tasa efektiboa ezartzea.
- Diru sarrera eta errenta guztiek PFEZen tarifa orokorraren arabera ordaindu behar dute.
- Ondarearen gaineko zerga bikoiztea eta zerga horri % 1 eta % 10 arteko errekargu espezifikoa ezartzea.