ELAk salatu duenez, EAJ-k baztertu egin du negoziazio kolektiboko euskal esparrua

2015/02/05
EAJren eta PSEren bultzadaz, zapuztu egin da Legebiltzarrean ELAren legez besteko proposamen bat; beronen helburua zen saltoki handietan merkataritzako hitzarmen probintzialak aplika daitezen eskatzea.

ELAk aspaldidanik salatu izan du EAEko saltoki handietako langileek (Carrefour, Media Markt, Fnac, Ikea, El Corte Inglés, etab.) jasaten duten diskriminazioa. Enpresa hauetan saltoki handietako hitzarmen estatala aplikatzen zaie, eta ondorioz, baldintzak merkataritzako hitzarmen probintzialetakoak baino askoz apalagoak dira.

Hau ikusirik, ELAk 2014ko ekainean legez besteko proposamen bat egin zuen Legebiltzarrean tramitatzeko; hau EH Bilduri esker izan zen posible. Testuan bi kontu aipatzen ziren:

  1. Negoziazio kolektiboko euskal esparruaren defentsa.

  2. Eusko Jaurlaritzak eska ziezaiela saltoki handietako enpresei merkataritzako hitzarmen probintzialak aplikatzea.

Proposamena gaur eztabaidatu da Legebiltzarrean. EAJk eta PSEk bultzata onartu den testuak (UpyD, PP, PSE eta EAJ alde eta EH Bildu aurka) erabat indargabetu du hasierako asmoa.

  1. Saltoki handietako enpresei, hots, baldintza okerragoak aplikatzen ari direnei, ez zaie ezer galdegiten, eta haiekiko kontakturik ere ez dago.

  2. Negoziazioko euskal esparruaren aurkako eraso zuzena da; EAJk baztertu egiten du esparrua, eragin orokorreko hitzarmenak lortzea lehentasun gisa jartzen baitu, edozein dela ere horien edukia eta sinatzen direneko esparrua.

  3. Arreta merkataritza sektoreko negoziazioan jartzen da, baina benetako arazoa beste bat da, EAEn Saltoki Handietako Hitzarmenak eragiten duen diskriminazioa.

  4. Elkarrizketa Sozialeko Mahaira eraman nahi dute auzia; haatik, organo honek ez du legitimaziorik, ez ahalmenik, eta fartsa bat dela frogatuta geratu da.

ELAk erabat deitoratzen du EAJk eta PSEk beren ekimenarekin Lan Harremanetako Euskal Esparrua defenditzeko aukerari uko egin izana; berriro agerian utzi dute saltoki handietako langileek dituzten baldintzekiko mespretxua. Edukirik eta bat ere ibilbiderik gabeko alternatibak proposztzen dituzte, benetako arazoei heldu eta EAEko errealitate sozioekonomikoari dagozkion irtenbideak plazaratu ordez.