Eusko Irratiko EEE-a onesten duen epaiak Jaurlaritzari atea irekitzen dio arlo publikoan kaleratze kolektiboak egiteko
EAEko Goi-Auzitegiaren epai batek ontzat eman du EITBko Administrazio Kontseiluak Eusko Irratian 30 lanpostu amortizatzeko hartu zuen erabakia; honetarako aitzakia aurrekontu murrizketa eta kontratuetan gertatu izan ziren irregulartasun larriak onbideratzea izan zen.
ELAren ustez, epai hau aurrekari kezkagarria da, Eusko Jaurlaritzari babesa ematen baitio arlo publikoan murrizketak egin eta enplegua suntsitzeko bere politikari. Goi-Auzitegiaren epaiak, zeinaren kontra boto partikular bat izan den, Urkulluren gobernuari aukera ematen dio arlo publikoko langileak kaleratzeko, horretarako aurrekontu-defizitaren argudioa erabil dezakeelarik. Haatik, defizit hau gobernuak berak hartutako erabaki politikoen ondorio izan liteke, kasu honetan bezala.
Jaurlaritzak Eusko Irratiko plantilla mozteko ez du inolako arazorik izan Rajoyren erreforma laborala erabiltzeko; honek agerian uzten du, berriro, Gasteizko gobernuaren enplegu-politika: Hitz ederrak eta enplegua sortzearen aldeko etengabeko mezuak alde batera utzita, arlo publikoan enplegua suntsitzeko estrategia ari da gauzatzen.
ELAk iragarri du Auzitegi Gorenean epai honen aurkako kasazio-errekurtsoa jarriko duela.