ELAk salatu duenez, Patxi Lopezek babesa ematen dio Europako patronalik neoliberalari

2011/05/11
ELAren ustez oso larriak dira atzo Bizkaiko patronalak plazaratu zituen proposamenak. CEBEKen ahalegina langile-klaseak gero eta bizimodu okerragoa izatea da: bere helburua da hitzarmen kolektiboen xedea, langileen eskubideak bermatzea, bertan behera geratzea.

ELAren iritziz, larria da ere ugazaben proposatzen duten guztia  murrizketak izatea: soldatei, eskubide laboral eta sozialei ekiten diete. Baina krisi ekonomikoak ez dauka horiekin zerikusirik. Patronalak ez du krisiaren arrazoiei aurre egiteko modurik proposatzen; ez du salatzen banketxeei emandako diru publikoa ez dela bideratzen kredituak ematera. Horrela, praktikan ekonomia errealaren interesak baztertzen ditu eta enpresa handien zein finantza-erakundeen babesle itsu bihurtzen da, besterik gabe.

Azkenik, ELAk ohartarazi nahi du Patxi Lopez Lehendakaria gaur CEBEKen urteko batzarrean izango dela, SEA eta ADEGIren batzarretara joango den bezalaxe. Bera bertan dagoela, babes hori emanez, Lehendakariak Europako Batasuneko patronalik neoliberalenaren aldarrikapenekin bat egiten du.

ELArentzat hau ez da harritzekoa, Eusko Jaurlaritza eta patronala eskutik baitoaz enpresen etekinak gehitzeko politiketan, betiere  enpleguaren eta herritar gehienen ongizatearen lepotik. Horregatik, ezartzen ari den gizarte-gastua murrizteko politikekin langabezia eta gizarte-babesik gabeko herritar multzoa gero eta handiagoak dira.