Hotel General Álava (Gasteiz)

ELAk egungo plantillaren erdia baino gehiago kaleratu nahi dutela salatu du

2024/01/19
Hotel General de Álavak, Gasteizen, sukaldeko, jantokiko, administrazioko eta harrerako langileak kaleratu nahi ditu. Bide beretik, gainerakoei ez dagozkien kategoria desberdinetako funtzioak beren gain hartzea eskatu die.

Abenduan, hotelaren aurreko sustatzaileak, AC hotelek, langileei jakinarazi zien sustatzaile berri batek subrogatuko zuela zerbitzua, hori bai, beharginen baldintzei eta lanpostuei eutsiz. Hala ere, urtarrilaren 2an, sustatzaile berria -B & B hotel- hotela kudeatzen hasi zen; aste bete beranduago, plantilla zatitu zuen eta beste enpresa bati eman zion garbikuntza zerbitzua, alegia kanpoko zerbitzua kontratatu zuen. Urtarrilaren 17an langileei jakinarazi zieten berehala kaleratuko zituztela 8 pertsona, arrazoi teknikoak eta antolakuntzakoak argudiatuta. Aldi berean, harrerako langileei jakinarazi zitzaien kaleratutako pertsonen funtzioak beren gain hartu beharko dituztela, nahiz eta beste kategoria batekoak izan eta bestelako prestakuntza izan. ELAk ziurtatu du bai AC hotelak baita B & B hotelak (sustatzaile berria) ere bazekitela plantillaren subrogazioa ez zela beteko eta aldaketarekin enplegua suntsituko zela.

Kaleratutako langileak oraingoz hotelean daude, baina epaitegietara joko dute beren lanpostuak eta lan baldintzak defendatzeko.

Kaleratutako pertsonetako bat ELAko ordezkaria da, azken hauteskunde sindikaletan lankideen bozak jaso zituena.

Ez da sustatzailea aldatzen den lehen aldia, baina lehen aldia da kostuak merkatze aldera, hotel honetan hogei urte lanean daramaten langileak kaleratzen dituztela. "Lanean geratuko direnak ere ez daude lasai, beren lanpostuak mantentzeko funtzio anitzeko zereginak egitea eskatuko baitzaie, aplikatu beharreko hitzarmenean jasotako kategoriak hautsiz", azaldu du sindikatuak.