ELAk salatu egin du De Juanak jaso duen sententzian Espainiako Gobernuak duen ardura

2006/11/08
ELAk salatu egin nahi du Iñaki de Juanari ezarri dioten zigor zital eta neurrigabea; sententzia honekin berriro agerian geratu da Espainiako justizia zuzenbide-estatu batek jarraitu beharreko funtsezko arauen baitan jokatzeko ezgauza dela.

Halaber, sindikatuak salatu duenez, emandako epaiak bultzada politiko nabarmena izan du, eta Rodriguez Zapateroren gobernuak iragarri zaigun prozesuan presio eragiteko tresnatzat erabiltzen ditu errepresio penala zein espetxe-politika, Espainiako sektorerik erreakzionari-oen aurrean aurpegia zuritu eta tinkotasun itxura emateko.

Espainiako Gobernuaren jokabidea oportunista da eta hauteskundeei begira dago; aitzitik, ez da politikoki bat ere ausarta. Alabaina, euskal auziari heltzeko ezinbestekoak lirateke ausardia eta arriskuak hartzeko borondatea.

Azkenik, ELAk euskal erakundeei dei bat egiten die, izan ere, zeharo desberdin –askoz tinkoago eta erabakiz– jokatzen baitute bunker judizialaren eraso guztiz larriek eurengan eragin korporatiboa dutenean, kaltedunak euskal herritar xeheak direnean baino. ELAk gogora arazi egiten die instituzioen konpromisoa eta jarrera irmoa are beharrezkoago dela estatuko aparatuaren erasoak horrelako jendeak jasaten dituenean, honek berezko defentsa-rik ez baitu bere eskubideak eta duintasunaren alde jarduteko.