Erreforma laboralari egindako zuzenketen arabera eskubideak are gehiago murriztuko dira

2010/07/23
Kongresuan zuzenketak ari dira sartzen erreforma laborala ezarriko duen Errege Lege-Dekretua aldatzeko. Zuzenketek berretsi egiten dute parlamentuko talde gehienek (NaBai, IU eta BNGk salbu), erreforma are gehiago gogortu nahi dutela, lan-eskubideak berriz murriztuz.

Salatu beharra dago hau langileei egindako auzibide sumarisimo bat dela; Kongresua azoka pertsiar bilakatu da, eta kontua da ea nork botatzen duen lan-baldintzak okertzeko erronkarik handiena.

 

ELAren ustez, okerrera egiteko arriskua hainbat puntutan dago:

  • Kaleratzea are gehiago erraztea- Erreforma laboralarekin dagoeneko kaleratze bidegabeak objektibo bihurtzeko atea ireki zen, eta horrek kalteordaina urteko 20 egunetara jaisten du, gehienez ere 12 hilabeteko kopuruaz. Onartzeko aukera gehien dagoen zuzenketekin hau are okerrago geratuko litzateke.
  • Lan-agintaritzaren egitekoa murriztea- Lan-agintzaritzaren egitekoak gutxitzea gerta liteke, eta horrek enpresarioen erabaki-ahalmena zabaltzen du, hots, baita langileen indefentsioa ere.
  • Enplegu are eskasagoa- Zuzenketa askoren helburua aldi baterako lan-kontratuak bata bestearen atzetik lotzeko aukera eman nahi dute, eta lanaldi partzialeko kontratuetan malgutasuna areagotzekoa.
  • ABLEen zabalkundea- Arlo publikoan aldi baterako lan-enpresentzat ezarrita zeuden mugak desagertzear daude. Lan-merkatuko bitartekaritzan ere euren esparrua handitu nahi dute.

 

ELA kezkatuta dago EAJk eta CiUk aurkeztu dituzten zuzenketekin, Espainiako Gobernuari eskatzen baitiote datozen hiletan Langileen Estatutuaren III Titulua erreforma dezala. Horrek esan nahi du negoziazio kolektiboa goitik behera erreformatzea nahi dutela.

 

Negoziazio kolektiboari dagokionez bai CCOOek eta UGTk, bai CEOEk eta Espainiako gobernuak adierazi dituzten jarrerak ikusirik (hain zuzen, hori aztertzeko bilduko dira uztailaren 28an) halako erreformak ondorio hauek izango ditu:

  • Negoziazio kolektiboa zentralizatzea, lurralde mailako sektore-hitzarmenak desagerraraziz edo zeharo hustuz.
  • Enpresako hitzarmenetan sektorekoan baino eduki okerragoak jasotzeko aukera ematea.
  • Hitzarmenen ultraaktibitatea mugatzea edo kentzea.

 

Azkenik, ELAk dei egiten die parlamentuko taldeei erreforma laboralari eta hau okertzeko saioei uko egin diezaioten.