ELAk salatu egin du Euskalteleko arduradunen eskandaluzko aberaste immorala, eta hau geldiarazten saiatuko da

2015/06/23
ELAk bidegabea eta immorala deritzo kargu hauek aberasteko baliatzeari. Benetako eskandalua da; Euskalteleko zuzendaritzaren “bonus” hauek inolako eskrupulurik gabe jokatzeagatik ezagunak bilakatu diren beste enpresa eta banku batzuren parekoak dira. Honelako jokabideak, dena den, lotuta daude sare klientelarrekin eta politika zein ekonomia komunikatzen dituzten ate birakariekin.

Joan den astean ELAk iragarri egin zuen ez duela onartzen Euskaltel Burtsara ateratzea, ezta berau pribatizatzeko egin nahi den urrats berria ere; enpresa hau hasieran %100 publikoa zen.

Euskaltelek Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalari helarazi dion Salmenta Eskaintza Publikoa zehatzago aztertuta, ELAk honakoa adierazi du:

  • Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek azalpenak eman behar dituzte akzioen %100 beren esku izan duten enpresa bat zer dela eta pasako den %70ean inbertsio-funtsen kontrolpean izatera, hauen asmoa espekulatzea eta irabazia epe laburrean maximizatzea besterik ez denean. Agerian geratzen da hau Trilantic eta Investindustrial funtsek lortuko duten etekinari erreparatuz gero: duela bi urte eta erdi sartu ziren kapitalean, eta orain inbertsioa hirukoiztu egingo dute. Nork eta zergatik erabaki zuen ondare publikoa opari ematea? Nork eta zergatik salduko ditu ezin merkeago familiaren bitxiak?

  • Prozesua bera arbuiagarria da, baina baita zuzendaritza taldeko 10 kidek 40tik gora milioiko “saria” jasotzea ere. Hau immorala da. Besteak beste, Alberto Garcia Erauzkin presidenteak 9,2 milioi euroko oparia hartuko du. Garcia Erauzkin BBK Banku-Fundazioko lehendakariorde ere bada. ELAk puntu garrantzitsu bati buruz ohartarazi nahi du: zuzendaritzako kide hauetako batzuk izendatu zituztenean enpresa %100 publikoa zen; eurek gidatu dute, Kutxabank eta Jaurlaritzarekin batera, pribatizazioa, eta eurak dira inork zalantzan jarri ez duen errentagarritasuna duen ondasun publiko bat xahutzearen onuradun zuzenak.

  • ELAk bidegabea eta immorala deritzo kargu hauek aberasteko baliatzeari. Benetako eskandalua da; Euskalteleko zuzendaritzaren “bonus” hauek inolako eskrupulurik gabe jokatzeagatik ezagunak bilakatu diren beste enpresa eta banku batzuren parekoak dira. Honelako jokabideak, dena den, lotuta daude sare klientelarrekin eta politika zein ekonomia komunikatzen dituzten ate birakariekin.

  • ELAk exijitu du Burtsara ateratzeko prozesua bertan behera gera dadila, eta arduradun guztiek “opari” horiei uko egin diezaietela. Euskaltelek plantilla murriztu egin du, eta ez du zalantza egin zerbitzu oso garrantzitsuak azpikontratatzerakoan. Gogoratu beharra dago pertsonal gastuak, jardueraren zati handi bat esternalizatu aurretik, 34,4, milioi euro zirela. 46 milioi euroko “sariak” ezin dira inola ere onartu kezka soziala duen gizarte batean.

  • Sindikatuak salatu egin du enpresek eta Gobernuek eskaintzen diguten informazioa manipulatu egiten dutela. Euskaltelen kasuan egiaren erdia besterik ez digute esan. Zuzendaritzak aspaldian zeukan ibilbidea erabakita, baita irabazi pertsonala lortzea ere. Gure ustez, prozesu hau Kutxabankekin egin nahi denaren aurrerapen bat da: Honi dagokionez, Administrazio Kontseiluak ez du ukatzen kapital pribatuari atea irekitzea; izan ere, eztabaida puntu bakarra dago, zein unetan izan behar den.