ELAk salatu egin du Garoña ixteko asmorik ez dagoela

2009/07/03
ELAk salatu egin nahi du Zapaterok ez duela Garoña ixteko asmorik. Hartu beharreko erabakia bat zen, zentral honen bizitza luzatzea edo ez, eta Espainiako Gobernuak ustiaketa lau urtez luzatzea ebatzi du

ELAren aburuz Garoña 2013an itxiko dela esatea ez da inola ere sinesgarria, orduan erabakia beste gobernu baten esku izango baita. Begibistakoa da orain esaten denak gobernu berria ez duela behartuko, are gehiago kontutan izanik beste alderdi bat egon daitekeela boterean.

ELAren ustez, botere politikoa interes ekonomikoen menpean jarri da. Garoñaren ustiapena berriro luzatzeko erabakiarekin irabazleak Iberdrola eta Endesa dira, eta galtzaileak herritar gehienak eta ingurumena, izan ere behar ez den zentral baten iraupena baitakar honek, zentral nuklear arriskutsua eta zikina.

ELAk salatu egin nahi du enpleguaren auzia modu maltzurrean erabiltzen dela erabakia zuritzeko. Duela 10 urte ere jakina zen 2009ko uztailaren 5a iritsiko zela. Urteotan erakundeek ez dute eskualdea garatzeko inongo planik egin. Euren ardura zen, eta aitzakiarik ezin da jarri. Plana egin ez izana ezin da Garoñaren iraupena arrazoitzeko argudiatu.

Azkenik, ELAk nabarmendu egin nahi du oraingoan ere herritarren borondatea ez dutela errespetatu; borondate hori garbi geratu da Garoña berehala ixteko hainbat tokitan izan diren mobilizazio jendetsuetan.

Orain inoiz baino areago energia nuklearra bazter dadila eskatu beharra dago, baita energia berriztagarrien garapena ere. Eta Garoñaren aldeko apustuak adierazten du bide horri jarraitzeko borondaterik ez dagoela.