ELAk salatu egin du hainbat gazte militanteren atxiloketa

2009/11/26
Gaur bidalitako ohar batean Patxi Agirrezabala ELAko komunikazio arduradunak salatu egin du Segiko kide izatea egotzita hainbat gazte atxilotu izana. Izan ere, atxiloketak “kriminalizazioa hedatzeko estrategia zabalago baten parte dira, eta oztopoak jartzen dizkiote gatazka politikoaren konponbideari”. ELAren iritziz, erabat onartezina da horrelakorik gertatzea.

Halaber, Agirrezabalak gogoratu egin du ELAk sarri adierazitako exigentzia: inkomunikazio erregimenak eragiten duen indefentsio egoera amai dadila, eta atxilotuta daudenen eskubideak errespeta ditzatela (hauxe eskatu dute, hain zuzen, Nazio Batuetako giza-eskubideen errelatoreak eta Amnesty International erakundeak). Hartara, Grande-Marlaska epaileak ukatu egin diela atxilotuen senideei haiek non dauden jakitea ere salatu du ELAk.