ELAk salatu egin du LABek zabaldutako bideo baten edukia

2015/04/13
Ezkerraldea-Kadagua eskualdean eman den enplegua suntsitzearen ardura ELAri leporatzea. Bideoan lagun askok egindako lanpostuen aldeko borroka sindikal zintzo eta gogorra mespresatzen da.

Ezkerraldea-Kadaguako Eskualde-Batzordeko kideok eta Mondi, Ecofibras Aranguren, Arkema, CEL (lehen Virtisu), UTE-TMB, Residencia Leon Trucios, Konekcta eta eskualde  honetan hainbat udaletako ordezkariok iritzi publikoari eta LABeko zuzendaritzari gure protestarik biziena helarazi nahi diogu sindikatu horrek egin eta sare sozialetan hedatu den bideoagatik; beronetan gure sindikatuaren aipamena egiten da.

Bideoaren edukia honako arrazoiengatik arbuiatzen dugu:

  1. Bideo antisindikala da; bere asmoa, enplegua suntsitzearen ardura ELAri leporatzea. Sindikatu batek ez luke horrelakorik egin beharko. Bideoan lagun askok egindako lanpostuen aldeko borroka sindikal zintzo eta gogorra mespretxuz hartzen da; hain zuzen, borroka horretan ELAren protagonismoa erabatekoa izan da. Langile-klasearen interesekiko bere borroka leiala izan da, eta izango da. Horregatik, goitik behera gezurra da ELAk beste aldera begiratu duela Enkarterriko eskualdean lanpostuak desagertzen ari ziren bitartean.

  2. Gainera, bideoak gure sindikatua alderdi jakin baten kolorearekin nahastu nahi du. Egileek badakite zenbateko errespetua dugun alderdi politikoetako afiliazioarekiko, eta ezagutzen dute alderdi, erakunde eta botere ekonomikoekiko gure autonomia tinko defenditzen dugula. Gauzak horrela azaltzen dituztenek, errealitatea manipulatzen dutenek, aurreiritzi ugari dutela islatzen dute eta alderdi arteko lehia bat hauspotu nahi dute; honetan ELAk ez dauka zerikusirik.

Benetan penagarria deritzogu LABeko arduradun batzuk sindikatuen arteko norgehiagoka halako muturreraino eraman izanari. Ez dugu ukatzen lehiatzeko eskubidea dagoenik; baina gezurra eta manipulazioa ez lirateke onartu beharko.

Ez da bateragarria sindikatuko oinarriei honelako mezuak igortzea eta era berean sindikatuen arteko lankidetza aldarrikatzea. Horrela jokatzen duenak ez du ELArekiko aliantza berezirik bilatzen. Bideoaren xede bakarra da ELAri erasotzea eta lehia areagotzea; bide batez, enpresetan lana beltz egiten duten hamaika pertsonen eguneroko borroka zintzoa zikintzen saiatzen da. Haatik, ELAren borrokak eskualdeko beharginen babesa izan du, azken hauteskunde sindikaletan agerian geratu baita berriro bere nagusitasuna.

Hauek ez dira, gure ustez, Karta Soziala eta horrelako gai garrantzitsuak partekatzen dituzten erakundeek erabili beharko lituzketen jokabide-kodeak.

ELAren eta LABen arteko elkarlana oso pisu handiko faktorea litzateke gure herriko eremu sindikal, sozial eta politikoan. Pisu handikoa eta beharrezkoa, baina helburu hori benetakoa izan dadin ezinbestekoa da gaur salatzen dugun moduko jokabide bat gaitzestea.