ELAk Jaurlaritzak lan-osasun eta segurtasun arloan duen jarrera salatu du

2009/12/17
Osalan erakundeko Kontseilu Nagusia bildu da abenduaren 17an. ELAren esanetan, Jaurlaritza eta patronala elkar hartuta daude, baita lan-osasunean ere, eta Osalango batzordearen bilerak argi utzi du interes horiek zenbateraino dauden uztartuta.

1.- Aurten ere laneko istripu eta gaixotasunen balantzea beldurgarria da. Krisiaren eraginez EAEko langile okupatuen kopurua asko jaitsi arren, istripu larri eta hilgarriak ez dira gutxitu.

2.- Egoera hau konpontzeko Osalango Kontseilura ekartzen diren erabakiak betikoak dira, eskasegiak eta zehaztasunik gabeak. Argi geratzen da Jaurlaritzak istripuen benetako zergatiei aurre egiteko bat ere borondaterik ez duela. Izan ere, zinez zerbait egiteko asmoa balego, ugazaben interesen kontrako politikak erabaki beharko lirateke: prekarietatearen aurka, azpikontratazioa mugatuz, kontratuetan egiten den iruzurrari aurre hartuz... Jaurlaritza eta patronala elkar hartuta daude, baita lan-osasunean ere, eta Osalango batzordearen bilerak argi uzten du interes horiek zenbateraino dauden uztartuta.

Borondate eza Osalanen utzikeriak agertarazten du; dagozkion egitekoak ez ditu betetzen: ikuskaritza, zaintza eta lan-segurtasun eta -osasun gaietan enpresetan arauhausteak gertatzen direnean behar denean zigorrak ezartzea.

3.- Osalan patronalaren menpeko erakunde bihurtu da, burokratizatua, bitarteko eta finantza-baliabide eskasegiak dituena. ELAk gogoratzen du lan-segurtasuna hain gai garrantzitsua izanagatik Osalanen aurrekontua 2010rako %8 murriztea proposatzen ari direla.

4.- Kontseilu Nagusian berriro areagotu dute Osalan elkarrizketa sozialeko mahaiaren tresna bilakatzeko joera: Jaurlaritzak mahai horretan gutxiengo sindikalarekin hitzartutako kanpaina (‘Lotu’ izenekoa) aurkeztu du. Mahai hartan Jaurlaritzak mamirik gabeko akordioak lortzen ditu, istripuen sakoneko zergatiak aintzat hartzen ez dituztenak. Akordio horietara Kontseiluan iristea ezinezkoa zaio gobernuari, gehiengo sindikalak kolokako enpleguari aurre egiteko funtsezko erabakiak galdegiten dituelako. Osalango Kontseilua erabat baztertuta, beste esparru batean erabakitako kanpaina bat mahairatu digute, eta gehiengo sindikalari ukatu egin zaio ekarpenik egiteko aukera. Oso larria da 2010eko Osalango aurrekontutik 400.000 euro horretarako bideratzea.

5.- Bestalde, Jaurlaritzak ez du bertan behera utzi nahi Osalanek eta Espainiako Fundación Laboral de la Construcción erakundeak joan den uztailean sinatu zuten lankidetza-hitzarmena. ELAk berriro adierazi nahi du hitzarmen honen aurka dagoela  erabat, autogobernuan atzerakada nabarmena esan nahi baitu. Akordio honekin Jaurlaritzak Osalan estatu mailako fundazio pribatu baten zerbitzura jartzen du, eta bere eskumenak alde batera uzten ditu. Erabaki honen helburua, EAE estatuko autonomia-erkidego bat gehiago izatea da, baita eraikuntzako langileen prestakuntzari dagokionez ere.

6.- ELAk lan-segurtasun eta -osasun politika publikoetan erabateko aldaketa exigitzen du. Prekarietatea murriztu eta enplegu duin eta egokia sustatzeko borondate politikorik ez dagoen artean, Osalan ezgauza izango da bere xedea betetzeko, eta patronalari besterik ez dio mesede egingo.