Lehendakariaren aholku-batzordearen asmoa gizarte-gastua murriztea eta enpresen interesak defenditzea da

2010/11/18
Lehendakariaren gizarte- eta ekonomi-gaietarako aholku-batzordeak atzo hainbat proposamen plazaratu zituen, ustezko helburuokin: “hazkunde ekonomikoa azkartzea, aurrerapide soziala sustatzea eta kontu publikoen iraunkortasuna bermatzea”; guztiak ere erabaki neoliberalak, enpresen interesak babestu eta herritarren eskubideak murriztea beste asmorik ez dutenak.

Horretarako, adituok batetik diote “gastu publikoa murrizten jarraitzeko modua badagoela”: osasun sisteman, dependentzia zerbitzuetan eta pentsioetan jaitsi behar omen da gastua. Hain zuzen, zerbitzu publikoak jasotzeko ordaindu beharra ezartzea edota “zenbait kategoria profesionalen bizitza aktiboa luzatzen jarraitzea”.

Adituon agiriak esanagatik, gastu publikoa murriztuz gero zerbitzu eta prestazio publikoek okerrera egingo dute, eta beraz, baita arlo publikoak berak ere; honen ondorioa, osasungintzan, gizarte-zerbitzuetan eta halako esparruetan negozio pribatua bultzatzea izango da.

Enpresak lehiakorrago eta produktiboago izan daitezen, testuak lanaldiaren malgutasunaz gogoeta egitea eskatzen du, eta lan-harremanetan ardurak partekatzea. Hots, enpresen interesen araberako ordutegi malguekin lan egitea eta bake soziala hedatzea, betiere ugazaben onerako.

Adituen kontseiluko %70etik gora enpresetako ordezkariak edo arlo publikoarekin zerikusia duten karguak dira; argi dago Lehendakariak nor elkartu duen hasieratik ezarri nahi zituen eskuineko politikak zuritzeko helburuarekin.