ELAk salatu egin du Madrilek autogobernuari egindako eraso larria
ELAren iritziz, Estatuko abokatutzak Eusko Jaurlaritzaren Dekretua errekurritzeko hartu duen erabakia euskal autogobernuaren aurkako eraso larri bat da, berriro agerian uzten duena Estatuaren inboluzio-agenda, hala arlo sozialean, nola autogobernuaren aurka.
Sindikatu honek Urkulluren gobernuari exijitu dio autogobernua eta negoziazio kolektiboko euskal markoa defendi ditzala, eta 35 orduei buruz emandako dekretua bete dezala. Dagozkion ekinbide juridikoez gaindi, ELAk jarrera politiko tinkoa eta 35 orduei eusteko konpromisoa eskatzen dizkio.
Gogoan izan behar da Urkulluren gobernuak 35 orduei buruz emandako dekretua 2010eko mahai orokorreko akordioa betetzea besterik ez zela, euskal administrazioko langileen lanaldiari buruz.
Errekurtso hau ontzat eman eta Jaurlaritzak ametituko balu euskal autogobernuaren kontrako eraso larria gertatuko litzateke, baina baita administrazioko milaka enplegu suntsitzea ere.
ELAk orain arte bezala 35 orduko lanaldia euskal arlo publiko guztian mantentzearen alde egingo du, enplegua sortzeko eta zerbitzu publikoaren kalitatea nahiz bere langileen bizi-baldintzak hobetzeko bide gisa.