ELAk salatu egin du Rajoyren gobernuak immigranteei egindako azken erasoa

2012/07/20
Atzerritarren arautegia aplikatzen hasi eta sei hilabete besterik igaro ez direnean, Rajoyren gobernuak emandako jarraibide baten ondorioz ezabatu egin dute “gizarteratzeko ahalegin-txostena”.

 

Beronen bitartez Atzerritarren legearen azken erreformatik hona -gizarte guztiari eragiten dion krisia medio- langabezian zeuden immigranteei paperak berritzeko aukera ematen zitzaien. Horrela immigrazio klandestinoa mugatu nahi zen eta, bide batez, ekonomia ezkutuaren tasak gutxitu.

Alabaina, PPren gobernuak, egiten ari den murrizketa antisozial larrien baitan, erabaki bidegabe eta murriztaile hori hartu du, aitzakia eskas bat argudiatuta: txosten horiekin ez omen da lortu paperak berritzeko tramiteetan “iritsi nahi zen argitasun eta homogeneitaterik”. 

ELAren irudiko, espainiar gobernua immigranteen aurka egiten ari den oldarraldiaren beste adibide bat da hau. Euren egoera okertzeko funtsezko eskubideak ukatu dizkiete, eta gainera gero eta estualdi handiagora eraman nahi dituzte, beren herrietara itzul daitezen.

Honela Rajoyk argi utzi du pertsona hauei ez diela aitortzen eskubideak dituzten subjektu direnik, eta ahaztu egiten du, bat ere konplexurik gabe, gizarte honi egin dioten ekarpen sozial eta ekonomiko oro.

Horregatik, ELAk arbuiatu egiten du PPren gobernuak immigranteekin egiten duen erabilpena, ikuspuntu ekonomiko hutsetik hartzen baititu aintzat, ez eskubideak dituzten herritar gisa. Halaber, sindikatu honek exijitzen du oraingo neurri murriztaile, baztertzaile eta polizialen ordez gizarteratzeko zinezko politikak egin daitezela.