ELAk salatu egiten du Lan Zuzendaritzak nahi bezala erabiltzen duela informazioa

2009/01/19
ELAk salatu egiten du Eusko Jaurlaritzak ezkutatzen dizkiela sindikatuei jasotako EEEi buruzko datuak. Lan Ordezkaritzan eskatzen eta izapidetzen diren Enplegu Erregulazioko Espedienteei buruzko xehetasunen berri guk ez dakigu ezer oraindik ere.

Horrela, Lan Sailak enpresaburuen alde egin nahi du, espedienteen eraginpeko langileen ordezkariekin egin beharreko kontsulten prozesuan.

Patronalaren eta Lan Sailaren arteko lankidetza are nabarmenagoa da orain, espedienteen bidez ehundaka kaleratzeak gauzatzeko eta lan-baldintzak aldatzeko egoeran gaudenean.

Abenduan ELAk idatziz eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari izapidetzen ari ziren EEEi buruzko informazioa, baina orain arte ez dugu erantzunik jaso.

Lan Sailaren politika argi dago; batetik, informazioa ezkutatzen da, eta bestetik, bide ematen zaie erraz-erraz espediente guztiei. Euskal Administrazioak ukaturiko EEE-kasuak hutsaren hurrengoak dira. Enpresaburuek badakite hasieratik ez dela beharrezkoa langileen ordezkariekin akordioa lortzea; zeren azkenean Lan Sailak espedientea onartuko du, Sailaren beraren neurrien baldintzapean.