ELAk salatzen du DYA eta Gurutze Gorriko langileen zalantzazko egoera

2013/07/10
ELAtik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari adi egoteko gai horrekiko, erakunde hori baita azken erantzulea langile horien etorkizunari dagokionez. Enpresa berriak pertsonala subrogatuko ez balu, esleipenaren oinarrien ez-betetzea izango litzateke.

DYAren base guztiak eta Gurutze Gorriaren baseetako batzuk Valladolideko Ambuiberica enpresari esleitu zitzaizkion ekainaren 20an; orain ELAk enpresa horietako langileen nahasmendua eta ziurgabetasuna salatzen ditu jendaurrean.

Gogora ekarri behar dugu langile horien lana Premiazko Garraioko Osasun Sareko baseetan egiten dela, edo modu arruntagoan esanda larrialdi-zerbitzuan. Gizarteak bereziki estimatzen du lan hori, jende askoren bizia haien laguntzari esker salbatu baita.

Esleipenaren ebazpena eman zenetik 19 egun igaro badira ere, oraindik ez dakite beharginek noiz izango diren subrogatuak enpresa berrira. Izan ere, DYAko eta Gurutze Gorriko enpresa-batzordeek ez dute bilera bat bera ere izan Ambuibericarekin, eta hori gutxi balitz bezala, hemerotekan ikusgai dago zer egin duen Ambuibericak beste lehiaketa batzuk irabazi dituenean: 72 langile kaleratuak Ciudad Realen... Gainera, konpainiako zuzendari orokor Carlos Magdalenok egindako adierazpenak, ekainaren 22an, DYAk eta Gurutze Gorriak jarritako errekurtsoa ebatzi eta bi egunera, kezkagarriak dira oso. Adierazpen horien arabera ez zen alde batera uzten pertsonal osoaren zati bat hartzea, haietako batzuk boluntarioak izanik, Euskadiko anbulantzietan lan egiten dutenak.

Kontuan hartu beharrekoa da esleipenaren baldintza-pleguan argiro zehazten da langile horiek subrogatu behar direla, hau da, enpresa zaharretik berrira aldatzea, zaharrean zeuden baldintza berdinetan. Hortaz, enpresa berriaren betebeharra da pertsonal osoa kontratatzea, jatorrizko lan-baldintza berdinetan. Baina gorago aipaturiko adierazpenek mesfidantza eta ziurgabetasuna baino ez dute sortu langileengan.

ELAtik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari adi egoteko gai horrekiko, erakunde hori baita azken erantzulea langile horien etorkizunari dagokionez. Enpresa berriak pertsonala subrogatuko ez balu, esleipenaren oinarrien ez-betetzea izango litzateke.