Erreforma laboralari buruzko azken berriak oso larriak direnez larunbatean ezin dugu kale egin

2010/06/10
Egoera honetan, larubaterako manifestazioak are indar handiagoa hartzen duela, azpimarratu du Adolfo Muñoz "Txiki"k.Ezagutzen ari garen neurrien artean, Muñozek nabarmendu du erreformak “kaleratzeari buruzko arauak aldatuko dituela, orain arte kaleratze bidegabea zena objektiboa izan dadin.

“Egunak joan ahala erreforma laboralaren inguruan gero eta berri larriagoak eta kezkagarriagoak datozkigu”, esan du Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak. Muñozek salatu duenez, “badirudi Zapatero oraingoan ere interes ekonomikoen esanetara jarri dela, eta eskubide laboralak zeharo murrizten dituen dekretu bat egingo du”.

Ezagutzen ari garen neurrien artean, Muñozek nabarmendu du erreformak “kaleratzeari buruzko arauak aldatuko dituela, orain arte kaleratze bidegabea zena objektiboa izan dadin. Honela langile askoren enplegua arriskuan jarriko dute, errazago eta askoz merkeago kaleratuko baitituzte, kalteordaina urteko 45 egunetik 20ra jaitsita, gehienez 12 hilabete adina osatu arte; gainera, hau diru publikoz lagunduko dute”.

Halaber, ELAko buruak esan du “negoziazio kolektiboaren aurkako oldarraldia prestatzen ari dira, enpresek hitzarmenak saihesteko bidea emanez, bai soldatei, bai antolakuntzari dagokienez”. Hau hitzarmen kolektiboen izanari egindako eraso gogorra da. Eskubideak pikutara ari dira joaten, eta honek ELAren iritziz “lan-zuzenbidearen hondamendia dakar, zuzenbide hau lan-harremanetako alderdirik ahulena babesteko hesia zen heinean”.

Muñozek nabarmendu duenez, “prozesu manipulatu bat ari gara ikusten; helburua emaitza jakina izango duen elkarrizketa prozesua luzatzen ari dira, horrela desmobilizatu egiten baitute; eta saiatzen ari dira bere erreforma planen aurkako erantzun sindikalik izan ez dadin, hauek onartu baino lehenago bederen”. Aldiz, patronalak, erreforma honekin irabazle izango denak, badu berme bat: zerbait hitzartzekotan, edukia beretzat pozgarria izango da (Zapaterok ugazabak epaile bihurtu ditu); akordiorik ezean, gobernuak emandako lege dekretuak enpresarioen funtsezko eskariak aintzat hartuko dituela. Edozein dela ere erreforma egiteko modua, patronala garaile. CCOOek eta UGTk, azken emaitza ezagutuagatik, erabat babesten dute prozesu hau.

Azkenik, ELAko idazkari nagusiak esan du honek guztiak are indar gehiago ematen diola gehiengo sindikalaren deialdiari: langileok larunbat honetan agertuko dugu murrizketa eta eraso hauen aurkako protesta, arratsaldeko 5.30etan Bilbon izango den manifestazioan.