ELAk salatzen du espetxeen pribatizazioa, eta enplegu publikoaren suntsipena.
Enplegu-galera etengabea da. EPErik ez da egiten, 2011. urteaz geroztik ez da kontratazio berririk egin, birjartze-tasarik ez dago, eta plantillak zahartzen dira. Hori horrela, eskandaluzkoa da Administrazioak segurtasun-enpresa pribatuak kontratatzea, inolako beharrik izan gabe, zertarako eta presondegien kanpoaldearen segurtasuna “sendotzeko”.
Pribatizazio-prozesua (aipaturikoa icebergeko gailurra da) isil-gordean eramaten dute Madrilgo arduradunek. Ez digute erantzuten ea zergatik egin diren kontratazio horiek, zertarako diren, zein enpresa diren, eta nor diren jabeak.
Hori dela-eta, ELAk jarraitu du salatzen euskal espetxeen egoera. Basauriko eta Martuteneko espetxeek ez dute ezta ekipamendurik oinarrizkoenak ere beren atal irekietan. Are lazgarriagoa da Basauriko kasua, non emakume presoek diskriminazio bikoitza jasan behar duten: ez dago amen atalik, ezta haientzako atal irekirik ere; eta kanpora joan behar dira.
Basauriko eta Martuteneko espetxeak gainez eginda daude. Iruñeko eta Zaballako espetxeetako plantillek, bestalde, langile-kopuru egokiaren %40 eta %55 dute, hurrenez hurren. Pertsonal eskasiaren ondorioz, Iruñeko presondegian bisita-kopurua murriztu behar izan da.
Ametzagaña itxi izana ere salatua izan da, hori baitzen EAEko atal bakarra preso gazteak birgaitzeko eta gizarteratzeko.
Azkenik, ELAk berriro premiatuko du Eusko Jaurlaritza eskumen hori lehenbailehen beregain har dezan. Dagokion erantzukizunaren ikuspegitik ezin du gehiago onartu gure Herriarentzat presondegi-eredu hori, batzuetan gizatasunik gabea, besteetan gainez eginda, eta beti helburu guztien porrota.
Era berean, ezin du bere egin presondegi-politika hori, euskal presoei salbuespen-neurriak ezartzen dizkiena, eta askotan giza eskubideekin talka egiten duena. Politika hori ez dator bat euskal gizarteak, oro har, dituen bake asmoekin.