ELAk salatzen du Eusko Irratiaren zuzendaritzak burutu nahi duen enplegu-suntsipena
Eusko Irratiaren Zuzendaritzak, EPE baten itxurapean, irrati publikoetan enplegua suntsitzen duela ostendu gura du.
Enpresak, orain dela hainbat urte hark berak sortu zuen egoera erregularizatzeko aitzakiatan, 30 bat lanpostu murrizteko asmoa du.
ELA ez dator bat enpresaren asmo horrekin; zeren langile-zerrendak ezin doituago daude, eta are gehiago murriztuz gero, Irratiak eskaintzen duen zerbitzuaren kaltetan joango litzateke. Hori berez oso larria bada, are larriagoa da oraingoa bezalako baloreen krisi-garai batean, komunikabide publikoak, askeak, lokabeak eta kalitatezkoak inoiz baino beharrezkoagoak direnean.
Zuzendaritzak ekonomiaren ikuspegitik aztertzen du plaza-amortizazioa, zerbitzuaren kalitatearen ikuspegitik aztertu beharrean.
ELA EPEak egitearen alde dago, zer esanik ez; baina EPE horiek ez dute zertan ekarri enplegu-suntsipena, eta gainera Irratiko Zentroen arteko Batzordearekin adostu eta kontratazioari buruz adosturiko prozedurak jarraitu behar dira.
Begiratu behar dugu zerbitzu publikoak kalitatezkoak izan daitezen; horregatik dago ELA EPE horren aurka, eta eskatzen dio Administrazio Kontseiluari gaian esku hartzeko, eta haren botoaz baliatuz ez uzteko Zuzendaritzari enplegua suntsitzeko asmoa gauzatzen.
Zuzendaritzarekin izandako bilera guztietan errepikatu dizkiegu gure helburuak:
1) Lanpostuak suntsitzeari ez.
2) Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko langile-zerrendak orekatu.
3) Hutsik dauden postuak eskaintzan sartu.
4) Plantilla osoaren euskalduntzearen aldeko apustua, hizkuntz-profilak egiaztatzeko formulak eta epeak adostuz
5) Irratietan eta lan-poltsetan dauden langile guztiei aukera ematea, deialdi publikoko plazetako batera aurkeztu ahal izateko.
6) Lan-poltsen arauak erregulatu.
Zuzendaritzak bere eskaintzan langile-zerrenda nabarmen murrizteari eusten jarraitzen du, 33 lanpostu amortizatuko dira, eta orain arteko murrizketak mantentzen ditu. Irrati guztiei eta sail guztiei kenduko dizkiete baliabideak.
Langile-zerrendetan egin nahi duten murrizketa horrek okerrera egingo du egun ezagutzen ditugun irratietan. Era berean, ELAk salatu nahi du enpresako plangintzan zuzendaritzak erabilitako ezkutukeria ez bait digute 2014ko aurrekontuak aurkeztu, ezta 2013an gastatutakoa ere.