ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzaren azken jokabidea, aparteko ordainsaria itzultzeko eskatzekoa eta Rajoyren politikak hartzekoa

2013/01/16
ELAk komunikabideetatik jakitera izan duenez Eusko Jaurlaritzak aparteko ordainsaria itzultzeko eskatuko die behin-behineko langileei. Horren aurrean ELAtik Eusko Jaurlaritza berriaren jokabidea salatzen dugu, Rajoyren murrizketa-politikak hartu baititu gidari, egindako lanagatik dagoeneko ordaindu zaien behin-behineko langileak gutxietsiz.

ELAk eskatu izan dio Eusko Jaurlaritzari eta gainerako herri-administrazioei men ez egiteko Madrilgo dekretu eta ezarpenei, eta baita 2012ko soldata osorik ordaintzeko ere. Beraz, erabat onartezina iruditu zaigu argitaratu berri den albistea: behin soldata osoa ordaindu eta gero zati bat itzultzeko eskatzea Espainiako Gobernuaren aginduei jarraiki.
Hartu duten erabakia are larriagoa da kontuan hartzen badugu Konstituzio Auzitegiak oraindik ez duela epai irmorik eman, eskumen-gatazkaren gainean. Ez badago, beraz, arrazoi ekonomikorik, ez sozialik, ezta juridikorik ere; atera dezakegun ondorio bakarra zera da: Eusko Jaurlaritzak bere egin ditu murrizketa-politikak eta enplegua suntsitzeko politikak.
ELAk eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari jolasean ez ibiltzeko langileen soldatarekin, eta oso-osorik ordaintzeko; dagoeneko eginda dagoen lanaren trukean irabazita baitaukate. Behin ordaindu ondoren itzultzeko eskatuz gero, edo bestela kentzen saiatuz gero, dei egiten diegu ordezkariei, afiliatuei eta langile guztiei mobilizazioetara jotzeko, eta eraso berri horri aurre egiteko.
Azkenik, ELA sindikatuarentzat sekula baino premiazkoagoa da euskal alderdi politikoek eta herri-erakundeek lehen postuan jartzea, batetik, gizarte-konpromisoa eta, bestetik, euskal gizarteari dagokion eskubidea, Euskal Herriko lan-baldintzak eta bizi-baldintzak erabakitzekoa.  Horretarako, ez dago beste biderik borroka eta desobedientziarena baino. Horrela bakarrik irauli ahal izango ditugu ezarrita dauden murrizketak, eta aurre egin guri dagozkigun gaietan sartzeko saiakerei eta murrizketa gehiago ezarri nahi izateari.